Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Kristalaz bestaldeko Nemo kapitaina

Nafarroan 90 haurrek zuten gurasoren bat espetxean Castillo Suarez “Nemo kapitainaren azken bidaia” idazten hasi zenean: «Eskoletara joaten naiz nire ipuinekin eta haurrak hasi ziren kontatzen zertan egiten zuten lan beren aitek. Batek, berea Valentzian zegoela esan zuen, eta automatikoki, ‘Picassent-en?’, galdegin nion. Pentsatu nuen haur hark behar zuela bere ipuina». Hala hasi zen ernatzen espetxean duen aitari bisita egitera doanean “Nautilus”-eko kapitainarekin abentura berria bizitzera doala irudikatzen duen Nadia neskatoaren istorioa. «Ez zaizkio presondegiak gustatzen, eta bere mekanismoa bere bizitza politagoa egiteko da aita itsasoan duela irudikatzea», azaldu zuen Suarezek Erein-ekin argitaratu duen liburuaren aurkezpenean.

Aitziber Alonsoren ilustrazioak daramatzan liburu honetan zehar, haurraren irudimenean sartzen da irakurlea baina baita bere errealitatean ere: Nadiak furgonetako bidaiez, aitarekin dituen bisitez eta, oro har, espetxeaz duen pertzepzioaz hitz egingo du 60 orrialdeetan zehar. Haurrak dituen zalantza eta beldurrak ere agertzen dira.

Ipuina osatzeko, gurasoren bat espetxean duten hainbat familiarekin bildu da Suarez. «Haur guzti horien historia kontatu nahi nuen, baina betiere errespetuz, horregatik zenbait haur eta gurasoren laguntza bilatu dut».

Printzesa ezerosoak

Suarezen lanarekin batera aurkeztu zuen Ereinek Arrate Egañaren “Printzesa puzkertia”-ren berrargitalpena ere, Manu Ortegaren irudiak daramatzana. 1998an Baporea Saria irabazi zuen eleberri honetako protagonistak digestio-arazoak benetako arazo gisa biziko ditu printzea ezagutzen duenean eta horri irtenbidea emateko asmoz jauregitik irten eta egiten duen bidaiak bere bizitza goitik behera aldatuko du. «Pertsonaia arketipikoak dira; niretzat inportantea zen neska-heroiaren ibilbidea», esan zuen Egañak.