Errespetua irabazi
Orain dela zenbait urte, urautsian gondolen (SUP) gainean arraun egiten olatuak hartzera norbait gerturatzen zenean, olatuak errazago har ditzakeenez, «errespetuz aritzeko» eskatzen zioten inguruko surflariek. Egun ordea, bat gehiago balira bezala aritzen dira leku askotan.
Asko, surflari onak izandakoak dira, baina famatu izatetik inor ez izatera iragaite hori, batzuek ez dute ongi barneratzen, eta atentzioa deitzeko, zer ur gainean zutik aritzea baino hoberik? Korrika lasterketa batean moto batekin parte hartzea bezala da. Ez dute mirespenik merezi, eta errespetua, minimoa, edozeini zor zaion gutxienekoa (ez hil, ez jo, ez iraindu eta ez tu egin). Halakoetan, urautsian ez baleude bezala aritzea, ez da errespetua galtzea, gainerakoei galdu diguten begirunea berreskuratzea baizik.
Euskal Herriko Surf Federazioa arraun munduarekin harremanetan jarri da, bi eremuen artean dagoen kirol horri bultzada emateko. Windsurfa eta surfa zaku berean sartzen ziren garaiak oroitarazten dizkit. Aldizkarietan ere batera zetozen, baina azkenean bereizi egin ziren eta windsurfak bere eremu propioa eraiki zuen. Joko olinpiarretan parte hartu ahal izateko munduko bela federazioarekin harremanetan jarri ziren, baina beti beraien izaerari eutsiz. Gaur, Robby Naish windsurflariari munduko bela federazioak omenaldia egiten dio eta surf komunitateak bere ibilbidea goratzen du.
Modu berean, gondolan dabiltzanek ere beren lekua egin beharko luketela uste dut. Alegia, errespetua nahi badute, irabaz dezatela. Bi modu daude errespetua irabazteko, edo indarraren bitartez, edo erdietsitako lorpenei esker. Adibidez, guardia zibil batek merezi ez duen arren, nire errespetua irabazi du, indarrez, nigan beldurra sortzen duelako, baina nirekin ikastolan ibili ostean ertzain sartu zen horrek, ez du errespeturik merezi eta ez du nigan errespetu sentimendurik sortzen. Alegia, indarrez errespetua irabazi duenari beldurra galtzen diogunean, errespetua ere galtzen du.
Ordea, lorpenei esker errespetua irabazi duenak mirespen sentimendu bat ere pizten du. Errespetu hori gugan atxikiko dugu, baldin eta ezustean, espero ez genuen ekintzaren batekin huts egiten ez badigu. Martin Zabaleta mendizalea, Iribar atezaina, Juanita Gerrikabeitiaren semea, Eneko Acero surflaria, Tony Hawk skaterra, Robby Naish windsurflaria, Mike Stewart bodyboard zalea, eta abar. Guztiek, beren lorpenei esker irabazi dute milaka pertsonaren mirespen eta errespetua.
Gauza bera gertatzen da nazio eta herrialdeekin ere. Batzuek arma bidez lortzen dute gainerakoen errespetua, baina armak isiltzen direnean, berandu baino lehen galtzen dute irabazitako begirunea. Beste batzuek, gutxienak, armarik gabe, herri bezala agertu eta urratsak egiteko gai dira, eta hauek eskuratzen duten errespetuak, luzaroago irauteaz gain, balio erantsia du, sinpatia ere sortzen baitu. Katalunian, gondola zaleek beren elkartea dute, ez dute beste itsas kirolen antolakundeetan babesik bilatu, eta gainerako eskualdeetako zaleen errespetua irabazteaz gain, zenbaitentzat eredu ere bilakatu dira. Artean, gurean, oinarrizko galderak erantzun gabe, gauzak datozen bezala inertziaz egiten jarraitzen dugu...

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
