Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Hipokrisia

Ezaguna, ezagunegia akaso, egiten zaigu leloa. Kultura eta ideien zabalpen askea sustatu behar da, modu horretan bakarrik lortuko dugu elkar ulertzea. Ados. Galdetzekoa da, ordea, noren kulturaren eta ideien zabalpenari buruz ari garen. Ezen ez bata ez bestea ez daude egitura politiko eta ekonomikoen eraginetik aske, kontrakoa pentsatu nahi dugun (eta pentsarazi nahi diguten) arren. Israeleko zenbait akademiko, pentsalari eta artista kexu dira beren lan zein presentziari munduko zenbait herrialdetan egiten ari zaien boikotagatik. Haiek ere bakea nahi dute. Eta ez, ez daude beren Gobernuaren jarrerarekin ados. Bien bitartean, palestinarrek beren kultura eta ideiak zabaltzeko eskubideari jarritako mugak zorigaiztokotzat jo bai baina egoeraren ondorio bezala ulertu behar dira. Antza, kexu diren akademiko, intelektual eta artistak parte ez diren egoera. Baina izan badira. Hain zuzen, gustuko izan ala ez, beren Gobernuak nazioartean duen presentziaren onuradun dira. Horregatik, hain zuzen, mugi daitezke munduan zehar beren kultura eta ideiak zabaltzen. Are gehiago, Israelen interesak—horien artean kexu diren gizabanako horienak—babeste aldera, edozein kritikaren aurrean larderia psikologiko, politiko, ekonomiko eta, zenbait kasutan, fisikora jotzeko prest dagoen aparatu bat dago. Israel kritikatzeagatik bere lana galdu duenik zein difamazio kanpaina bortitzei aurre egin behar izan dienik ezagutzen dut. Halako “babes” aparaturik ez dute palestinarrek, baina jakina, egoeraren parte da hori.