Amaia U. LASAGABASTER

AURKARIAK, LAGUNAK ETA TXAPELDUNAK

.
.

Athleticek eta Realak Koparen edizio berri eta berriztatuari ekingo diote bihartik aurrera. Ilusioak asko, aukerak... auskalo. Arrakasta eskasa izan ohi dute txapelketa honetan, euskal futbolaren ordezkari handienak izan arren. Egun. 80ko eta 90eko hamarkadetan beste bi taldek zuten etiketa hori. Ondo merezita gainera, Añorga eta Oiartzunen artean bederatzi Liga eta Kopa irabazi baitzituzten, eta hala, emakumezkoen futbolak Estatu espainolean eman zituen lehen pausoen lekuko eta protagonista nagusietakoak bilakatu ziren.

Hamarkada luze batean zehar bi txapelketak menderatu arren, Kopa final bakarra jokatu zuten elkarren aurka. Zehazki, 1987an izan zen eta 31 urte bete dira uztailean. Eta txapelketaren aurtengo edizioaren hasierak aitzakia ezin hobea eskaini dio GARAri, Astigarragan jokatutako partida hartako lau protagonista elkartu eta atzoko eta gaurko futbolaz izandako solasaldiaz gozatzeko. Marian Arizeta eta Ixiar Bakero, hainbeste urtetan egin zuten bezala, Añorgaren kamiseta jantzita; Oiartzungoak, berriz, Eli Artola eta Garbiñe Etxeberria.

Aurkariak orduan, lagunak orain; garai bateko lehia adiskidetasun ederra bihurtu da. «Pikea geneukan, normala da –aitortu du Etxeberriak–, baina nik uste dut denborarekin laster konturatu ginela historia komun bat geneukala, esperientzia asko partekatu genituela... Egun Añorgako baten batekin topo egiten dugun bakoitzean... ikusten duzu». Eta ikusten dena kuadrilla bat da.

Denen historiak antzekoak dira. Hasiera-hasieratik. Hondartzan, ikastolan, futbol-aretoan... egin zituzten lehen urratsak, 80ko hamarkadaren hasieran Añorgak –Amasorrain ikastolaren izenarekin, bertako ikasleak baitziren jokalari gehienak– eta Oiartzunek emakumezkoen taldeak sortu zituzten arte. Emakume... edo neskato, 14-15 urte eskas baitzituzten estreinako denboraldian.

Debut sinestezina añorgatarren kasuan, Kopako finalera iritsi baitziren. Eta horrekin batera, ume gipuzkoar guztiek zuten ametsa bete: Atotxan jokatzea.

«Oso-oso polita izan zen. Jende pila bat joan zen», gogoratu du Bakerok. 7.000, hain zuzen ere. «Harmaila bat baino ez zuten zabaldu, ez zutelako hainbeste jende espero, baina gehiago zabaldu behar izan zituzten». «Realaren garai onenak ziren, gainera –dio Etxeberriak–. Urte haietan Realak Ligak irabazi eta guk Atotxan ikusten genuen. Eta gero, nik ez nuen jokatu, baina lagunak ikustera Atotxara joatea! Gozada bat». 2-1 irabazi zuten gipuzkoarrek; gutxiegi Karboren aurka Riazorren jokatutako joaneko partidan 4-2 galdu ondoren, nahikoa euren palmaresean lehen mugarria jartzeko.

Baldintzak ez ziren onenak. Oiartzundarrak Mamuteko aparkalekuan entrenatzen ziren, «ateak orgatxoekin eginez», eta añorgatarrak, ikastolaren azpialdeko portxean. «Libre bazegoen kanpoan, baina bestela portxe barruan, poste pila baten artean», oroitu du Bakerok. «Hor ikasi zenuten regateatzen!». «Tiroak eta ez, baina regateak eta paretak entrenatzeko bai leku aparta», dio barrez. Baina euren ahaleginarekin eta talde bien arduradunen inplikazioarekin arrakastaz beteriko bidea ibili zuten.

Lehen titulu handia 1987an heldu zen. Oiartzunek Kopa irabazi zuen... Añorgaren aurka. Finalerdietan beste ezagun zahar bat menderatu zuten, Karbo. Ondo gogoratzen dute eta ez bakarrik zelai gainean gertatu zena. «Arbitroak oso gaizki pitatu zuen lehen zatian», azaldu du Artolak, eta entrenatzaileak (bere aita Iñaki Artola) «biziki protesta egin zion atsedenean. Bigarren zatian nabaritu zuen». «Nik ez dakit, atsedenean aldatu eta aldagelan laga ninduten», protestatu du bere taldekide ohiak. Baina pozteko motiboak bazituen, haserretzeko baino: bere taldearen sailkapena eta bezperan hotelean bizi izandakoa. «Realak Kopa irabazi zuen Zaragozan. Hotelean ikusi genuen taldekide guztiok telebistan. Imajinatu zelako ospakizunak egin genituen», gogoratu du egun berezi hura Gipuzkoarako.

Handik astebetera, emakumezkoen Kopako finala jokatu zen. Astigarraga. «Desilusio handia izan zen», aitortu du Etxeberriak. «Barka nazatela astigartarrek, oso zelai ona zelako, naturala, ondo zainduta... Baina Riazorren eta abarretan jokatu ondoren beste gauza bat espero genuen». Orduan ere jende asko hurbildu zen partida ikustera. Eta espero baino beranduago itzuli zen etxera, ordubeteko atzerapenarekin hasi baitzen. «Federazioak dirua zor zion Oiartzuni, kilometrajeak eta abarrekoak, eta Federazioko presidentea joan bai, baina dirua ez zuen eraman. Entrenatzaileak esan zion kobratu arte ez genuela jokatuko. Eta gu aldagelan, ‘guk jokatu nahi dugu’. Eta azkenean jokatu zen», azaldu du Etxeberriak. Jokatu bai, eta kobratu? «Nik dakidanez, diru hori ez zen inoiz heldu», dio Artolak.

Oiartzunek 3-2 irabazi eta bere lehen Kopa eskuratu zuen. Hurrengo urteetan beste Kopa eta Liga bat irabazi zituen. Añorgak, berriz, hiru titulu eskuratu zituen txapelketa bakoitzean; azkena 1996. urteko Liga. Eta horri gehitu behar zaio Gipuzkoako selekzioarekin egindakoa. «Gero Euskadiko selekzioarekin jokatzen hasi ginen, baina hasieran Espainiako Txapelketa herrialdeka jokatzen zen. Eta Gipuzkoakoak sekulako maila zeukan. Horrela jokatu zen zortzi urtetan; lau irabazi, beste bitan bigarren eta gainontzeko bitan hirugarren amaitu genuen –zehaztu du Arizetak–. Espainiako selekzioarekin internazionalak ere bai, zazpi batera, sei titular partida batean...». Hori guztia 1.997 metro karratuko lurralde batean.

Belaunaldi zoragarria

Ez da erraza zergatia jakitea. Buru-estimuak, grinak, zerikusi handia izan zuela diote denek aho batez. «Han ginen munduan gehien egin nahi genuen gauza zelako, eta ez zen gaur egun bezala, neskatxo batek futbolean jokatu nahi duela esaten badu normaltasunez hartzen dela. Ez zen erraza, zerotik hasi ginen, baldintza haietan... Baina hori nahi genuen eta ehuneko ehuna, edo ehun eta hamarra, ematen genuen», dio Bakerok. Baina seguruenik gauza bera gertatuko zen Oroquieta, Karbo edo Alcobendasen zeuden neskekin. Eta, hala ere, gipuzkoarrek aurrea hartu zuten. «Belaunaldi ikaragarria izan zen –azpimarratu du Etxeberriak–, sekulako maila zegoen, oso jokalari onek kointziditu zuten leku eta denbora konkretu batean».

Gizonak izanez gero, seguru asko, gaur egun ere autografoak sinatuko lituzkete kalean. Zenbat aldiz pentsatuko ote zuten gaztetxo haiek diferentzia txiki horrek zelako desberdintasunak ekarri zizkieten. «Ez, ez. Beharbada erreferenterik ez genuelako, horra heltzea helburutzat hartzeko edo. Gure erreferenteak gizonak ziren, Lopez Ufarte, Zamora, Arkonada... Eta ez genuen planteatu ere egiten».

Beste galdera bat egin diote euren buruari behin baino gehiagotan. 25 urte beranduago jaio bagina, noraino heldu ahal izango ginatekeen? «Konparatzeko tentazioa dago beti eta ezinezkoa da –dio Etxeberriak–. Guk egin genuen egin genuena eta gaur egungoek eurena. Eta aldaketa nabarmena da. Prestakuntza, instalazioak, lan gehiago egiten da, orokorrean eta zelaian. Kirola, orokorrean, asko hobetu da. Eta beste futbol bat jokatzen da, azkarragoa, beste fisiko bat dago, desplazamendu aldetik, kontaktua...». Lau jokalari ohiei gustatuko litzaieke, hala ere, denboraren makina bat izatea, orduan zuten adinarekin gaur egunera bidaiatu eta probatzeko. «Gaur egungo baldintzekin lan egitea gustatuko litzaidake. Ezinezkoa da jakitea, baina ez dut uste gaizki ibiliko ginenik, maila handiko jende asko baitzegoen talde haietan», azpimarratu du Etxeberriak.

Inoiz ez dugu jakingo, botak aspaldi zintzilikatu baitzituzten laurek. Familia –Marian Arizeta ezkondu eta hurrengo egunean finalerdi bat jokatzera joan bazen ere, ezkontza ospatzen egon ziren taldekide guztiekin batera, «eta irabazi genuen», Ixiar Bakerok barrez gogoratzen duenez–, lana... Añorga utzi eta hondartzan eman zituen urte batzuk Arizetak, entrenatzaile lanetan Bakerok, baita Artolak ere. Garbine Etxeberria da lotura profesionala izan eta mantendu duen bakarra, gaur egun Realeko emakumezkoen sekzioaren arduraduna izatera heltzeraino.

Bestelako begiradarekin ikusten dute futbola orain. Pozik, belaunaldi gazteenetako neskek euren pasioari ekiteko dituzten erraztasunengatik; harro, garapen horretan zerikusia izan dutelako, baina baita melankolia ukitu batekin ere, beraiek ezagututako futbolaren bertute batzuk ere bidean galdu direlako. «Ziur harremanak onak eta estuak direla egun ere aldageletan, baina ez dut uste guk bizi izan genuena ezagutzera helduko direnik». «Familia egin ginen; elkarrekin sufritu, elkarrekin gozatu, elkarrekin borrokatu... benetako familia», dio nabarmen hunkituta Bakerok, lagunek buruarekin baietz esaten duten bitartean. Etxeko atea zabaldu digun familia errepika dadin irrikaz gaude beste bisita bat egiteko.