P.LEKUONA-H.BELATEGI
Interview
MIREN ECHEVESTE
EAEko Podemoseko ordezkaria

«PSOEren ezkerrera gu bakarrik gaude»

Fronte Zabalarekin abiatutako negoziazioen porrotaren ostean, koalizioko alderdiei PSOErekin «tandem moduan» aurkeztea egotzi die EAEko Podemoseko Miren Echevestek, NAIZ Irratiko uhinetan.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Podemos eta ezker konfederala delakoaren parte diren gainerako alderdiak banatuta aurkeztuko dira Estatu espainoleko hauteskunde orokorretara, azaroaren 29an, 2023. urteko hauteskundeetan gertatu zen bezala. Negoziazioek kale egin ostean, euren posizioa aldarrikatu zuen atzo NAIZ Irratian EAEko Podemosen Idazkari Nagusiaren alboko Miren Echevestek: «PSOEren ezkerrera gauden bakarrak gu gara estatu mailan».

Echevestek ziurtatu zuen saiakera egin dutela, eta EAEn, behintzat, aspaldi ari zirela hitz egiten Sumarrekin foru eta udal hauteskundeei begira, Estatuko hauteskundeetarako deialdiak egoera aldatu zuen arte; «harrigarria iruditu zaigu zergatik ez zuten eseri nahi izan ere honetaz hitz egiteko». Gaur egun, ezkerretik «politika egiteko bi estrategia» agerian gelditu direla uste du Echevestek, eta Fronte Zabala osatzen dutenena PSOErekin erabat lerratzea dela. «Guk argi daukagu Alderdi Sozialistari interpelatu behar zaiola eta deseroso sentiarazi behar zaiola mugitzeko eta kalean ikusten ditugun aldarrikapenak errealitate bihurtzeko. Beste aldean, Fronte Zabalean sartu diren alderdien estrategia da Alderdi Sozialistarekin batera tandem moduan aurkeztea, azken legealdiko bide beretik jarraitzeko», azaldu zuen Echevestek.

Uste du PSOE eroso dagoela hauteskundeok ultraeskuinaren aurkako erretorikara mugatzen, baina gogora ekarri zuenez, «gauzak ez daude ondo». Kaleak dionari erreparatu eta politika ildo horretatik egitea funtsezko deritzo: «Alderdi Sozialistak planteatzen duen gauza bakarra da ultraeskuina gelditzea, eta berarekin doazenak tandemean gauza bera eskaintzen dute, PSOE gobernura eramatea ultraeskuina gelditzeko. Ultraeskuina denok gelditu nahi dugu. Baina horretaz harago, zer egingo dugu kalean dagoen nekea eta haserrea baretzeko?». Ultraeskuinaren aurkako borrokaz gain, «bakea, etxebizitza eta lana» aldarrikatu zituen Echevestek

LEKUKO ERREALITATEAK

Podemosek argi utzi zuen alderdi hau izan dela negoziazioak erkidego eta lurralde bakoitzak dituen ezaugarrietara egokitu dituena eta Fronte Zabala, berriz, estatu mailako ildoa lehenetsi duena. Lekuan leku, ezkerraren aukerak indartzeko modurik eraginkorrena delakoan, Katalunian Podemosek ERCrekin lortutako «lankidetza akordioa» defendatu zuen alderdi moreko ordezkariak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan halako estrategiarik aztertu ote duten galdetuta, «ez dira baldintza egokiak eman» erantzun zuen Echevestek, «nik ez dakit askoz gehiago».