Jon Otegi, Josu Txapartegi, Patxi Erdozain eta Mikel Zuazabeitia
Baietz Fundazioaren izenean
KOLABORAZIOA

Baietz Fundazioak mila milioi esker eta segi aurrera!

Sortu zenetik dagoeneko 20 urte igaro direnean agur esaten diogu Baietz Kultur Fundazioari. Espainiar Estatuak 1998an emandako jauzi juridiko-errepresiboak Euskal Herriaren biziraupenerako berebiziko garrantzia duten egunkariak komunikazioaren mapatik ezabatzea bilatzen zuen; besteak beste, 18/98+ makrosumarioak. “Egin” egunkariaren eta irratiaren itxierak ekar zezakeenaz kezkaturik, hainbat militante bildu eta ezinbestez martxan jarri behar zen proiektu berria sortzen laguntzeko prest agertu ginen. “Euskadi Información” martxan jartzea lortu zutenek bezala, komunikazio proiektu sendo bat martxan jartzeko behar zen kapital ekonomiko eta humanoa biltzeko lanean hasi ginen.

Zalantza izpirik ez genuen jarritako helburua beteko genuela. Eta ez bakarrik Estatuaren erasoari Euskal Herriak tamainako erantzuna emango ziola bagenekielako, edota garaiak elkarlan sozial, politiko, kultural, ekonomiko... eta abarrerako aukera ematen zuelako. Hain zuzen ere, helburu eraikitzailea zuelako ekimenak, geure komunikabide propioak eraiki behar genituelako: «geuk egin, geuk kontatu!» 1.000.000 baietz!

GARA egunkaria eta bestelako hainbat proiektu abiatzeko EKHE elkarteak behar zituen mila milioi pezeten helburua aise gainditu, eta ia 1.200 milioi (7 milioi euro pasa) batzea lortu genuen hiru hilabete eskasetan. Ehun mila pezetetako akzioak erosteko hamar mila euskaldunen eta lagunen konpromisoak bildu genituen.

20 urte hauetan bestelako ekimen eta elkarlanak sustatu izan ditugu, Baietzek proposatzen zuen proiektua babestu izan duten laguntzaile ugariei esker. Aipagarrienak euskalherria.info atariak euskal basamortu internautan abiatutako proiektua, utzi berri gaituen INFO7 Irratiarekin izandako elkarlanak, eta haren hutsunea beteko duen proiektu berriaren jaiotzarekin batera kointziditzen du Fundazioaren agurrak.

Beraz, ezin agur hau amaitu duela hogei urte elkarrekin abiatu genuen proiektuan era batera zein bestera parte hartzen hasi zineten guztioi eskerrak eman gabe. Batez ere iaz utzi gintuen arte proiektua sustatzen, hauspotzen eta zuzentzen ibili zen Oskar Moreno gure lagun handiari besarkada handi bat bidali gabe.

Arestian esan bezala, Baietzen lehen ekimen itzela ahalbidetu zuena uneko erantzuna edota koiuntura baino, Euskal Herriak bere burua antolatzeko eta eraikitzeko beti izan duen ahalmena izan zen. «Badirelako gara, eta bagarelako izango dira» hain zuzen, eta oraingoan ere ez dugu zalantza izpirik ere aurrean izango ditugun erronkei behar bezala helduko diegula.