N.B.
BILBO

Kemen Gra abesbatza, euskaraz eta «a cappella»

Orain dela urtebete, Santa Ageda bezperan, Bilboko opera koruko kide diren hiru lagun elkartu eta abesbatza berri bat osatzea erabaki zuten, Kemen Gra, euskarazko kantak sustatzeko asmoz. Pixkanaka kide gehiago batzen hasi zitzaizkien, eta egun, dagoeneko hamar kidez osatutako taldea dira, Xabier Calzada zuzendari dutela. Hala ere, ez dute ezkutatzen taldea handiagoa izan nahiko luketela.

Kemen Gra abesbatzak –“hemen gara” esan nahi du– euskarazko kantak abesteen ditu, musika tresnaz lagundu gabe; alegia, a capella. Arrate Unzueta da taldearen sortzaileetako bat. «Euskal errepertorioa egiteko gogo handia genuen, egungo abesbatzek ez dutelako gehiegi lantzen», kontatu digu.

Amurrioko gabon kanten txapelketan bigarren gelditu ziren eta maiatzaren 31n eman zuten lehen kontzertu ofiziala, Bilboko Berreginen Museoan. Bertara itzuliko dira urrian. Hurrengo kontzertua ekainaren 30ean emango dute, Kexaako (Araba) elizan, 12.00etan, doan.

Errepertorioa

Bilboko museoan Euskeria abesbatzarekin aritu ziren; horrek ere euskara hutsean kantatzen du. «Euskeriakoek euskaldunak ez diren sortzaileen lanak itzultzen dituzte –azaldu du Unzuetak–; gure helburua hemengo egileen kantak soilik abestea da».

Kontzertuetarako osatu duten errepertorioa batez ere paganoa da, eta erlijio-pieza gutxi batzuk baino ez dituzte. Abesten dituzten kanten artean daude “Axuri beltza” (Javier Busto), “Oi Lur” (Antton Valverde), “Saratarra” (Jose Maria Gonzalez Bastida) eta “Kantuz” (Alexander Lesbordes).

«Datorren ikasturterako gure asmoa emakume konpositoreen lanak biltzea eta horien inguruko kontzertua eskaintzea da, baina momentuz ez dugu ezer», argitu digu abesbatzako kideak etorkizunerako erronken inguruan.