Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Miskito apoa

Zoa Mezak kontatzen du, lehen, Miskitoen lurraldean, Nikaraguako Karibe kostaldean, apoak borobilak eta begi txikikoak zirela. Apoak putreei entzun zien hodeietan festa zutela. Berak ere joan nahi zuela esan zien eta mesedez eramateko. Putreei grazia egin zien proposamenak, eta zakuto batean sartuta, apoa zeruan gora eraman zuten. Festa handia zen eta, halako batean, apoa zakutotik irtenda, danborra jotzen hasi zen. Putreen erregeak ez zuen ulertzen nola heldu zen apoa goi hartara, baina danborra ondo jotzen zuenez, utzi egin zion festan egoten. Amaitu zenean txori guztiek alde egin zuten; apoa zakuto barruan gelditu zen. Putreen erregeak, dena txukuntzen ari zela, zakutoa ikusi zuen eta ostikada batez hodeietatik behera bidali zuen. Han joan zen apoa ziztuan lurrerantz, putreak ere harrapatu egin zituela. «Apo jauna, laguntzarik behar?», galdetu zioten. «Ez, ez, nik horreeeela egiten duuut hegaaaannn!», erantzun zien berak, besoak eta hankak airean mugituz. Azkenean lurra jo zuen, plausta! Miskitoek kontatzen dute apoak horrelakoak direla orain, tripa aldean zapalak eta begi handikoak, hartu zuten danbatekoaren ondorioz.

Zoa Mezak irribarre egiten du ipuina kontatu bitartean eta amaitu ondoren. Kontalaria da, txotxongilolaria, aktorea, idazlea, baina batez ere kultur ekintzailea da Nikaraguan. Eta zorionekoak aurrekoan Errenteriako Mikelazulo elkartean bildu ginenak, ekarri zituen ipuinak entzuteagatik.