Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Autonomismo neoliberala

Neoliberalismoa ekonomia eredu bat ez ezik arrazionalitatea ere bada, mundua ulertzeko pauta batzuk biltzen dituena, merkatuaren logika bazter guzietara luzaturik. Liburu mardul eta sakonak irakurtzen ahal dira neoliberalismoaz, asko ikasiz, baina nago Urkullu jaunak lideratzen duen alderdiak bikain erakusten digula zer den, orain eta hemen, kapitalismoaren mutazio hau.

Ikuskera neoliberalean funtsezkoa da aberats eta korporazioen protagonismoa; jario edo isurketaren teoriaren arabera, «goikoek» zenbat eta gehiago irabazi, gero eta gehiago iritsiko zaielako «behekoei». Horregatik, Covid-19aren pandemiari aurre egiteko konfinamendua urratuta ere, industria handia ezin da gelditu «ekonomia» ez kaltetzeko. Irakurketa honen bidetik, industria handia ixtean kolokan dagoena ez da gutxi batzuen etekinak lehenestea, denon onura bermatzea baizik. Horrela, sinpleki, elite baten interesak denonak balira bezala aurkezten zaizkigu, eta bizitzen gainetik industriaren jardueraren jarraipena jartzen duenak autogobernuaren defendatzaile sutsu gisa erakusten du bere burua.

Ulergarria da Iñigo Urkulluren lidergoa egungo EAJn. Izan ere, neoliberalismoan gerenteak hobesten dira estatu-politikarien gainetik. Tipo grisak, obedienteak goikoekiko; autoritario eta enpatiarik gabekoak behekoekiko. Despidoak sinatzeko esku tinkoak, arrazoi ekonomiko neoliberala kolokan jartzen duen edozeri erasotzeko prest. Ideia propioak baloratzen zaizkie halakoei, aginduak betetzeko sormena adierazten duten heinean, bestela, inondik inora.

Urkulluk sinetsarazi nahi digu Espainiako Gobernuari aurre egin diola. Barregarria litzateke, tragedia baten aitzin egonen ez bagina. Enpresa handiek agindu diotena egin du, besterik ez, eta hor ez dago ohorerik, etekin kontuak bizitzen aurretik jartzea immoralitate hutsa delako. Ederki erakutsi digutelako nolakoa den beren zoru etiko ospetsua. Gerente neoliberalen zoru etikoa!