Iñigo Martinez Peña
Filosofia irakaslea
KOLABORAZIOA

Hipermugimendua eta hipergeldiuneak

Teknologia bakoitzak istripu mota bat dakar. Itsasontzietan posible da urperatzea, elektrizitatea dela medio elektrokutatu gaitezke eta hegazkinen asmakuntzak aireko istripuak sortu zituen. Egungo bizimoduan mugikortasuna eta abiadura nagusi dira eta birusek abiadan bidaiatzen dute, biologikoak edo informatikoak izan. Bizimodu hipermodernoak bere neurriko istripuak pairatzen ditu, bere logikaren araberakoak.

Nahiago genuke, agian, birusen atzean esku beltz ezkutu eta zehatz bat identifikatzea, konspirazio bat. Jainkoak bidalitako zigorra, atzerritarren errua. Sekula ez dira horrelakoak falta izan historian; sorginak bilatu izan dira behin eta berriz ezbeharren aurrean. Oraingoan, koronabirusa dela-eta, horrelako hainbat teoria eguneratu dira. Batzuek farmazeutikek sortutako gaixotasuna dela diote: txertoak saltzeko kutsatu omen dituzte hiritarrak. Beste batzuek diotenez, etorkizuneko guda biologikoari begira gobernuek sortutako probak dira bizi ditugunak: Wuhango laborategietan hirugarren mundu gerra hasi ziren prestatzen.

Azalpen horiek guztiek zeozer partekatzen dute: kopla-buruko bat, errudun bat. Eta, Santiago Alba Ricok esan bezala, erruduna izendatzea oso lasaigarria izan daiteke. Horrela, gaiaren konplexutasunak sinplifikatzeaz gain, zergati gizatiarra aurkitzen dugu. Hobe hori azalpenik eza edo zoria baino! Zori itsuak erabateko zentzugabekeriara eramaten gaitu, hutsunera. Hutsunea, aldiz, berezkoa da gure bizitzan. Ezin ezabatu bertatik kontingentzia, istripua, hauskortasuna, babes falta. Eta koronabirusak sarritan alboratu nahi dugun horren aurrean jarri gaitu.

Baina, zoria eta kontingentzia ukatu gabe, istripuak badu bere testuinguru historikoa. Ezin pentsatu, adibidez, Titanicen neurriko istripu bat Erromatar inperioaren itsasketa garaian! Koronabirusak hipermodernitatearen marka dauka: hedapenaren bat-batekotasuna, globaltasuna, abiadura. Fligthradar24 web orrian, planetan zehar airean dauden hegazkin kopurua zenbatu daiteke: zerua hegazkinez estalita egon ohi da. Azken hamarkadan urtero 6.000 milioi bidaiari izatetik 53.000 milioi inguru izatera pasa gara, eta hipermugikortasun horrek mundu mailako fenomenoak sortzen ditu. Txinatik Italiara, eta Italiako iparraldetik Gasteizera: Forondako aireportuak Bergamo-Gasteiz konexio zuzena dauka... eta Gasteizen gaixoen kopuruak eztanda egin zuen egun gutxitan. Telebistako errealitate birtuala zena, gure errealitatea da dagoeneko, orain gure kaleak eta ospitaleak dira mundu mailako albistegietan agertutakoak. Horrekin batera informazioaren tsunamia gainera datorkigu, denbora errealean, ulertzeko eta galdutakoaren dolua egiteko tarterik gabe.

Gehiegizko turismoa, gehiegizko informazioa, gehiegizko abiadura, gehiegizko aglomerazioak edo gehiegizko bakardadea. Isolamendurako neurriek ere marka hipermodernoa daukate, berrogeialdi digitalak gure ohiko bizimodua muturrera darama. Ez al gaude nahiko isolaturik jada pantailen aurrean? Netflix, Amazon, Facebook... aisialdirako edo lanerako gero eta gehiago erabiliak dira. Muturreko hiperkonexioa eta antsietate digitala batzuentzat; gorputza arriskuan besteentzat: kutxazainak, erizainak, garraiolariak… Isolamendua bai, baina ziberkapitalismoak ustiatzeko gorputzak ere behar ditu.

Askok, dena den, berea arriskuan jarri dute zentzu humanitarioan. Bestelako elkarguneak asmatuko ditugu gure gorputzek lotzeko aukera berreskuratzen dutenean? Besteekiko begirada poliziala ahaztu eta elkarrekin egoteko gogoa piztuko da? Goizegi da oraindik erantzuteko. Etorriko ahal dira egun horiek! Bitartean besarkada luze bat gaixotasunaren sufrimendua gertu pairatu eta pairatzen ari direnei, bihotzez.