Amaia EREÑAGA
BILBO
Interview
PILAR KALTZADA
SAVE THE CHILDREN SPAIN-EKO LEHENDAKARIORDEA

«Belaunaldi honek haur pobreziarekin buka zezakeen»

Kazetari eta komunikatzailea da Pilar Kaltzada. Lotura estua du zientziarekin, euskararekin eta haurren eta emakumeen eskubideen babesarekin loturiko erakunde eta ekimenekin.

Meñakan, Mungiatik kilometro gutxira, egin dugu hitzordua Pilar Kaltzadarekin. Hiri handi batetik herrixka batera joatea otu zitzaionean, ez ulertua; han dena urruti dago-eta! Baina pandemiarekin, “urbanitei” txipa aldatu zaigu; lehen trabak ikusten genituen lekuan, orain askatasun haizea ikusten dugu. Itxialdia nola eraman duen ez diogu galdetu ere egingo Pilar Kaltzadari –«nola ba?...» dio eskuak zabaltzen dituen bitartean, inguruko berdetasuna beso artean hartuko balu bezala–, bai, ordea, lepoaren gainean bota duen lan berriaren inguruan, Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen Estatu espainoleko lehendakariorde izendatu berri baitute.

Kaltzadarena ez da ohorezko izendapena izan, nahiz eta Angelina Jolie eta antzeko enbaxadore glamourdunekin alderatu eta adarra jotzen dioten alabek. Save the Childreneko Patronatuko partaidea 2016tik, orain Estatu espainiarreko gobernu batzordeko kidea izatera pasa da. Ehun bat urteko ibilbide luzea du Save the Childrenek. Eglantyne Jebbek sortu zuen Lehen Mundu Gerran, alde bateko zein besteko haurrak babesteko; ordutik, etenik izan ez duten gatazka, gerra eta migrazioetan lan mardula egin du erakundeak. Egun, haurren eskubideen alde lan egiten duen munduko erakunde independente nagusia da. Beste gobernuz kanpoko erakunde batzuk legez, zenbait eskandaluk kolpatu dute, adibidez, kide batzuek egindako sexu abusu salaketen ondorioz dimisioa eman zuen 2017an erakundeko zuzendari nagusiak. Egun, 120 herrialdetan errotuta dagoen Save the Childrenek kontrol neurri zorrotzak ditu martxan bere baitan. «Gertatutakoak berrirakurketa bat eskatzen du; ohartu behar dugu botere abusua ez dela indibiduala, gizarte gaitza dela eta inor ez dela salbu», hausnartu du Kaltzadak.

Pandemiak kolpatutako 2020. urtea arlo askotan izaten ari da garrantzitsua, baita haurren eskubideei dagokienez ere. Izan ere, Madrilgo Kongresuan onartzeko bidean dago haurren aurkako sexu abusuak zigortzen dituen “Rhodes legea”. Ez ditu Save the Childrenen helburuak asetzen, halere. Bien bitartean, etxean eta hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta gaudela, bost puntuko dokumentua aurkeztu die gobernuz kanpoko erakundeak alderdi politikoei. Eskaera, argia: «Haurren eskubideen ikuspegia era transbertsalean txertatzea».

Zeintzuk izango dira zure lanaren ardatzak?

Ekipo berriak proposamen bat egin dio Patronatuari, gure ustez zeintzuk diren lehentasunak esanez. Nik neuk batzuk nahi nituzke landu zehazki, batez ere hiru. Egoitzak ditugu Euskadin, Katalunian, Andaluzian eta Valentzian, eta nik Euskadiko ardura ere badudanez, eragin nahi nuke erakundea benetan federala izan dadin. Nire beste gai kutun bat, inplikazio handikoa, genero berdintasuna da. Save The Childrenek badauka aniztasun politika sendo bat eta guk lan asko hor egiten dugu, hor fokua jarrita. Programa asko ditugu hemen eta mundu osoan, Sierra Leonan, adibidez, “Neskato izateko eskubidea” deitzen diogu adin txikikoen ezkontzen aurkakoari. Hor ikusten ari gara zenbait komunitate atzera egiten ari direla [pandemiak sortutako krisiaren eraginez] eta eskola uzten dutenen tasa oso altua dela; neskato horiek ezkonarazi egiten dituzte, bizibidea non atera ez dagoenean, baztertzen dituzten lehenak dira. Nire hirugarren ardatza gobernuz kanpoko erakundeen ereduaren inguruan hausnarketa bultzatzea litzateke. Kezka handia dut, datuek erakusten digutelako gazte jendearen artean oso zaila dela atxikimendua lortzea erakundeon betiko funtzionamenduarekin. Gazteak asko mobilizatzen ari dira, gai askoren inguruan, baina ez dira mobilizatzen nahitaez erakunde bati lotuta.

Bitxia da, baina gobernuz kanpoko erakundeek, aldi berean, onespen orokor bat eta kritika latzak jasotzen dituzte: dirua ea zertan erabiltzen duten, ustelkeria kasuak dituztela...

Nik Save The Childrenen ikusi ditudan kontrol, kode eta prozedurak ez ditut beste inon ikusi. Oso zorrotzak dira. Gurea nazioarteko erakundea da eta horrek eramaten gaitu estandar oso altuak jartzera. Egia da, halere, gizartean horrelako urruntze bat dagoela, badagoelako horrelako mamu moduko bat, errealitatearekin bat ez datorrena nire esperientziatik. Nik uste dut horretan lan asko egin beharra dagoela gizarteari helarazteko hor badagoela zeregin bat eta badagoela gai publikoak kudeatzeko beste eredu bat. Izan ere, beti pentsatzen da: hori gobernuari dagokio. Bueno, gobernuei badagokie, eta dagokiena exijitu egin behar zaie, baina gizarteari gauza asko dagozkigu eta ez daude inoren esku. Beraz, inork ez ditu bere esku hartzen. Nik uste dut lan asko egin behar dugula gizarteari mezu hau eramaten; badagoela espazio bat, benetan gobernuetatik independentea izan behar dena. Gobernuengan eragitea delako gure lana eta ez da ezkutatu behar, esan behar da lasaitasun osoz; gobernuek ulertu behar dutelako beste bide batzuk dituztela antolatzeko eta beren eragin hori bideratzeko.

Euskal Herrian gizarte solidarioa garen ustea oso hedatuta dago. Aldiz, datu soilei kasu eginez gero, AEBekin alderatuta, esaterako, oso diru gutxi bideratzen dugu lan filantropikoetara. Arazo kulturala al da?

Esaterako, kultura anglosaxoian, arraroa da gobernuz kanpoko erakunde bateko partaidea ez izatea edo lan komunitarioren bat ez egitea. Aldiz, gurean, arraroagoa da erakunde bateko kide aktiboa izatea eta inplikatuta egotea. Arazo kulturala da neurri handi batean eta nik uste dut gure buruari galdetu beharko geniokeela zergatik gertatzen den. Izan ere, askotan aldarrikatzen dugu gizartearen partaidetza, baina, gero, esku hartzea bideratzeko orduan, ez dugu parte hartzen. Onartzen ari gara espazio publikoaren kudeaketa gobernuaren zeregin hutsa dela; hau da, praktikatik diskurtsora jauzi handi bat dagoela. Eta nik uste dut hor badagoela ere gizartearen berrikuntzaren motor bat, hortaz jabetzea eta horretan pausuak ematea positiboa litzateke.

Zergatik Save the Children? Hautu baten atzean beti dago zerbait pertsonala.

Nire haurrekiko inplikazioa ez da esperientziatik sortu, gehiago sortu da gogoetatik. Beti pentsatu izan dut gizartean dauden baina existituko ez balira bezalako subjektuak direla haurrak, nahiz eta kontrakoa esaten duen legediak. Ez dira eskubideak dituzten subjektuak; haurrak jabetza bezala tratatzen ditugu. Bereziki gustatu zitzaidan erakunde honetatik, ezagutzen hasi nintzenean, eskubideetan jarritako foku hori, zeren gure lana ez da arreta zuzena ematea bakarrik. Ematen dugu, baina gurea ez da benefizientziako erakunde bat, gurea da esku hartze bat, horretatik ikasteko; jakina, haurrei lagundu eta aldaketak lortzeko. Gure helburua ez da momentukoari erantzutea bakarrik, baizik eta bizi baldintza onak lortzea haurrak subjektu eskubidedunak bihur daitezen.

Konfinamenduak argi eta garbi azaleratu du gure artean ere desberdintasun sozial handiak daudela. Gure gizartea ez da uste dugun bezain aberatsa.

Nik uste dut gizarte aberatsa garela; beste batzuekin alderatuz, zalantzarik gabe. Baina desberdintasun handiak ditugula ere uste dut. Bi kontzeptu horien arteko desberdintasuna askotan ez da ikusten. Norbera nahiko egoera erosoan dagoenean, uste izaten du denok egoera horretan gaudela. Eta haur pobreziarekin bada beste faktore bat oso deigarria egiten zaidana; guk ez dugu ume pobrerik ikusten, ez nik ez zuk. Batetik, uste dugulako haur pobrezia dela frankismo garaiko haur goseti bat, kalean eskale dabilena. Baina ez da hori eta guk argi ikusten dugu gure zentroetan. Arratsaldeetan etxeko lanak egitera etortzen dira, eseri eta monitoreak esaten diete: kendu txaketa. Zer ba? Sekula ez dutelako kentzen, euren etxeetan hotz egiten duelako. Pobrezia hori ere bada, baita beste guztiok egiten duguna ezin egitea ere. Bilbon, San Frantziskon lan egiten dugun haurrekin ikusten dugu nola jaisten diren Guggenheimeko parkera Disneyworldera joango balira bezala. Ez dute ezagutzen, beren erreferentzia bakarra beraien errealitatea delako. Eta hor burbuila bat sortzen da: haur horiekin lan egiten ez badugu, burbuila horretan gelditu dira betiko. Guk, hemen, hatz puntarekin daukagu haur pobreziarekin bukatzea.

Posiblea dela uste al duzu?

Helburua hori izan beharko litzateke. Eta ez gaude hain urruti! Guk dauzkagun pobrezia poltsak oso identifikatuta daude, ez bakarrik non dauden, baizik eta zeintzuk diren faktoreak. Oso ondo dakigu zein den egoera; badakigu zer gertatzen den, eta ez dizut esango egun batetik besterik egiteko kontua denik, baina ez daukat zalantzarik belaunaldi honek buka zezakeela haur pobreziarekin. Gaur egun, atzean gelditzen den haurra da sistemaren porrot bat. Posiblea da, baliabideak dauzkagu. Askotariko arrazoiak daude ez egiteko, lehentasunak daudelako, eta ez naiz bakarrik gobernuen lehentasunez ari, baizik eta gizartearenak. Ez ditugu ikusten, haurren egoera ikusezina da eta neurri batean eskubiderik ez izatearen ondorioa da. Izan ere, haurrek ez dute botoa ematen...

Adinekoek, bai. Baina pandemian ikusi da gizartearen sektore zehatz batzuei beraien eskubideak kendu zaizkiela.

Begira zein kuriosoa den: konturatu gara adinekoak gaizki tratatu ditugula. Adinekoak infantilizatu ditugu eta haurrak heldu modura tratatu, esanez, «sar zaitez etxera, esango dizut halako batean noiz arte eta ez mugitu». Haur bati datorren hilabetean esatea guri hemendik hamar urtera esatearen parekoa da, ez dituzte baliabideak etorkizuna proiektatzeko, eta eskatu diegu heldu izatea, adinekoak infantilizatzen genituen bitartean.