10/08/2020

Oihane Zabaleta
Tokiko garapeneko teknikaria
Esku artetik ihes
Esku artetik ihes egin digu. Bigarren olatua hemen da. Gazteria arduragabea nonahi. Oporzale apetatsuak. Ostalari kexatiak. Kultur eragile gogaikarriak. Ez-festaren aldeko festazaleak

Pertsona bat gosez dagoenean eta janaria ematen dion testuinguru batera zuzentzen denean, pertsona horrek inguru fisikoarekin elkarreragiten du, eta, beraz, giro horretan hautematen diren esperientziek erabakiko dute azkenean zer janari aukeratuko duen. Pertsona horrek aurrez ikasitako prozesuan eta jokabidean eragiteko estrategia guztiak aplikatu bazaizkio baina ondoren janari osasungarririk ez duen espazio baten aurrean badago, eta, gainera, elikagai ez-osasungarriak merkeagoak eta eskuragarriagoak badira, litekeena da subjektuak ikasitakoaren aurka jokatzea.

Esku artetik ihes egin digu. Bigarren olatua hemen da. Gazteria arduragabea nonahi. Oporzale apetatsuak. Ostalari kexatiak. Kultur eragile gogaikarriak. Ez-festaren aldeko festazaleak. Gaur egungo testuinguruan esku hartu nahi da, baina giza interakzioaren aldagaietan, kognitiboetan soilik, balioen eta sinesmenen sistemetan jartzen dugu fokua. Uste baitzen, izurritearen ondorio lazgarrien kontzientzia hartze hutsa (eta, musukoak jartzea) nahikoa zela. Txertorik etorri ezean, helburu errealistagoak ezartzea ez al da komeni?

Bestetik, gobernu-erakundeak ez dira gai hirietako eta herrietako osasun-erronkei aurre egiteko euren kabuz, eta are gutxiago, muturreko hondamendi ekonomiko eta sozialak eragiten ari den eskualdeetako ekonomian esku hartzeko. Beraz, osasun-krisi bati ez ezik, gobernantza-krisi bati ere aurre egin beharko zaio: izurriteari aurre egiteko politiken agenda nork sustatu beharko duen, zein gobernantza-eskalatan, zein publiko-xederengan eta instituzioen arteko konpetentzia eta baliabideak bateragarri eta osagarri izateko, nola birpentsatu daitezkeen. Lurralde eskala batetik, gutxiegi hitz egin da herritarrengandik hurbilen dauden eta hauen ohitura aldaketetan eragiteko gai diren udal edo udal elkargoez. Herri-agintariek, larrialdi egoeren aurrean hartutako gainkarga, gainkostu eta ardurez gain, badute nahikoa gaitasun, herritarrekin batera, hauen kontzientzian, ahalduntzean, jarreretan, motibazioan eta jokabideetan eragiteko. Arazoaren arduradun izan ez ezik, konponbideen partaide herritarrak erdigunean jartzeko ahalmenaz ere jabetu gaitezen.