Joseba SALBADOR GOIKOETXEA
LAKUNTZA
Interview
PATXI XABIER RAZKIN SAGASTIBELTZA ETA AITOR GARTZIA MONFORT
LAKUNTZAKO ALKATEA ETA ZINEGOTZIA

«Ekitaldi sinbolikoenak mantendu ditugu»

Lakuntzako Udalak aurten jairik ez egitea erabaki du, Nafarroako beste udalerri guztiek bezala. Hala eta guztiz ere, jai egitarauaren barruan sinbolikoenak edo tradizio handiena duten ekitaldiak mantentzea erabaki du. Udal agintariek ez dute jende pilatzeen beldurrik, ekitaldi puntualak direlako.

Nola hartu zen jaiak bertan behera uzteko erabakia? Herriko eragileekin hartu zenuten?

A.G.: Bai, herriko eragile guztiekin elkartu ginen, guztion artean osatzen dugun batzordearen baitan, eta gehien errepikatu zen hitza ‘ardura’ izan zen; hau da, zerbait gertatuz gero, norena izango zen ardura. Horregatik, taldeek antolatzen zuten ia guztia atzera botatzea erabaki zen.

Hala eta guztiz ere, hainbat ekitaldi antolatzea erabaki duzue.

A.G.: Bai, hori konfinamendutik datorren gauza bat da, orduan ere hainbat gauza antolatu genuelako: txapelketa gastronomikoak, mozorro lehiaketa balkoietan, musika kalejira kamioiarekin… jendearen erantzuna izugarria izan zen. Eta ildo horretatik jarraituz, uda honetarako ere hainbat ekitaldi antolatu ditugu.

Zein ekitaldi dira horiek, nagusiki?

A.G.: Udan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditugu haurrentzat eta helduentzat: ipuin kontaketak, tailerrak, antzerkia... Eta berez jaiegunak izan behar luketen egun hauetarako gauza puntual batzuk antolatu ditugu, jai egitarauan sinbolikoenak diren ekitaldiak; adibidez, aurreko urtean jaiotako umeei eta 82 urte betetzen dituztenei zapia ematea.

P.X.: Udal gobernua osatzen dugunok argi genuen zapiak banatu behar genituela, eta hala egingo dugu. Beste urteetan ekitaldi publikoak ziren, eta aurten ekitaldi pribatuak izango dira; etxez etxe joango gara eta zapiak banatu banatuko ditugu. Amona bat, gainera, Beteluko egoitzan bizi da eta bertara joango gara zapia ematera.

Zapi banaketaz gain, beste zerbait antolatu duzue?

A.G.: Bai, ostiralean –gaur– kartel lehiaketaren sari banaketa egingo dugu; larunbatean –bihar–, haurren zapi banaketa eta gauean, su artifizialak; igandean, adinekoei zapi banaketa; astelehenean, “Kantu kolore” emanaldia arratsaldez eta gauean, “Los tenampas” mariatxiak; eta asteartean, Aralar txirrindularitza taldearen lasterketa.

P.X.: Larunbatean ere Sakanan tradizio handia duen beste ekitaldi bat egingo dugu, «auzatea», baina egoera berrira egokituta. Orain arte, herriko jaietan gazta eta ardoa banatzen zen Udaletxe azpian herritarren artean, eta aurten tradizio hori bete ezin izango dugun arren, herritar guztiek gazta zati bat jasoko dute.

Ez duzue jende pilaketarik izango den beldurrik?

P.X.: Ez, oso ekitaldi puntualak direlako eta zapi banaketa, adibidez, ez delako publikoa izango. Eta asteleheneko kontzertuak ez dira plazan izango, futbol zelaian baizik. Gainera, segurtasun neurri handiekin antolatu ditugu.

A.G.: Lehen aldia da horrela antolatzen ditugula gauzak, baina ez dugu uste jende pilaketarik izango denik.

Gainontzean, nola doa uda Lakuntzan? Bisitari asko duzue?

P.X.: Sakanako Garapen Agentziak hainbat ibilbide prestatu ditu Donejakue bideari jarraiki, baita bizikletan egiteko ere, eta bai, azken urteetan gero eta kanpoko jende gehiago ikusten ari gara gure herrian. Baina inoiz ez dugu pilaketa arazorik izan.

Eta herritarrak? Herrian geratzen dira edo kanpora doaz?

P.X.: Herrian jende asko geratu da. Abuztuan, gainera, ikusten da jendea oporretan dagoela eta gehiago ateratzen dela kalera, terrazetara eta abar.

A.G.: Tabernariei terrazak bikoizteko baimena eman zitzaien baina, hala eta guztiz ere, bete egiten dira.

Covid-19 kasu asko izan dituzue herrian?

P.X.: Izan dira batzuk, eta izaten ari dira, baina oso gutxi eta oso eskalonatuak. Hau da, ez da fokurik izan eta aldi bakoitzeko bizpahiru kasu izaten ziren. Gainera, ez dira kasu larriak izan eta denek etxean pasatu dute gaixotasuna.