Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Harriak, paperak eta arkatzak protagonismoa hartzen dutenean

Urriaren 21era arte, Donostiako Club Vasco de Camping Elkartean, hamar krokis egileren erakusketa ikusteko aukera dago.

Harria, papera eta arkatza lapiko batean nahastean, ziur aski ez dira unibertsoaren osagaiak edo bizitzaren elixir ezkutua aurkituko. Hori alkimiari utziko diogu. Baina aipatu ditugun hiru osagai horiek izan badute zerbait komunean alkimisten helburuekin. Ez dute beren burua horrela definituko, baina krokis egileek nahasketa horretan helburu (aurkikuntza ere?) zehatza bilatzen dute. Hori bai, kolore ezberdinetakoak izan daitezke; hori ez du inork zalantzan jartzen.

Oro har, zabaldu den bide baten informazioa eskaintzen dute krokisek. Batzuek zehaztasun osoz; beste batzuek, aldiz, soilik zertzelada batzuekin. Azken horiek ez dute hormatzarretan bizi den abenturaren izpiritua desegin nahi. Badira ia informaziorik ematen ez dutenak, “gabezia” hori artearekin estaltzen badute ere. Eta krokisek aurrez aurre jartzen dizkiguten bidezidor guztiak ezagutu ahal izateko, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak “Piedra, Papel, Lapiz” izeneko erakusketa proposatzen digu. Joan den hilak 11n aurkeztu zuten. Eta urriaren 21era arte, mendi elkartearen egoitzan hamar sortzaileren lanak ikusteko aukera dago.

Luis Alfonso, Eli Azurmendi, Armand Ballart, Philippe Barthez, Rafa Elorza, Blandine Laborde, Olivier Langlume, Francine Magrou, Christian Ravier eta Juancar Sanz dira eskaladako krokisen alkimistak. Protagonistak, alegia. Pirinioetako bi isurialdeetako egileak dira. Batzuk aski ezagunak; hots, erreferente direnak. Besteak, berriz, ospe handirik ez dutenak, baina krokisak sortzen gaitasun itzela dutenak. Koronabirusak galarazi zuen protagonista guztiak donostiarren egoitzan elkartzea. Halere, bost egilek bertaratzeko aukera izan zuten: Azurmendik, Barthezek, Ravierrek, Sanzek eta Elorzak.

Erakusketaren antolatzaileek aurkezpen ekitaldian ondo baino hobeto azaldu zutenez, eskalatzaileentzat krokisak ezinbesteko tresnak dira horma bat aurrez aurre dutenean: «Krokisak bere baitan informazioa eskaintzen du, eskalatzaileentzat behar-beharrezkoa dena: zailtasuna, orientazioa, kokapena… Izan ere, murru luze bat eskalatzea eginkizun nahasia da, besteak beste, arriskua hor dagoelako. Kasu batzuetan, gainera, egileek ukitu artistikoekin apaintzen dituzte beraien obrak. Sorkuntzari ateak zabaltzen dizkiote».

Tradizio oso luzea dute krokisek, eta, eskaladaren munduan, batzuek, “azpi-kulturarekin” lotzen dute. “Krokisaren kultura” kontzeptua beti egon da, eta, teknologia berriek erabateko indarra hartu badute ere, bizirik dirau. Erakusketan, gainera, protagonistek argi eta garbi azaltzen dute norberak bere estiloa duela. Hori askotan krokisaren sinadura ikusi baino lehen antzematen da.

Teknologia aipatu dugu, eta erakusketan bertan iraganeko eta egungo krokisak uztartzen dira. Kontzeptu ezberdinak, baina helburu bera dutenak: «Egun, argazkiak indar handia hartu du, eta marrazkia bigarren planoan utzi du. Alabaina, eskaladan, marrazki eskematikoek erakutsi dute egun oraindik ere indarra duten tresna direla. Eta kasu askotan, askoz ere zehatzagoak dira. Estilo, teknika… ezberdinek berezko lekua dute erakusketan».

“Piedra, Papel, Lapiz” erakusketak, gainera, osagarri bat du. Donostiako mendi elkarteko 80ko hamarraldiko goi mendiko taldearen koadernoak erreskatatu dituzte. Horietan taldekideek egiten zituzten jarduerak jasotzen dira, eta, kasu batzuetan, krokisen laguntza dute.

Bi protagonista

Arestian aipatu dugunez, erakusketaren aurkezpenean hainbat protagonista izan ziren. Horietako bi Christian Ravier eta Philippe Barthez izan ziren. Eta hain zuzen ere, GARAk beta izan zuen biekin Donostiara ekarri zituen gaiaren inguruan hausnarketa egiteko.

«Krokisa oso garrantzitsua da; eskalatzailea motibatzen du»

Andoni ARABAOLAZA

Hemengo eta hango hormetan makina bat bide zabaldu eta, bide batez, jarduera horien informazioa krokisetan arreta handiz lantzen dituzue. Krokis bat sortzerako orduan, zer helburu bilatzen duzue? Soilik informatu, ukitu artistiko bat eman, originala izan…

Philippe Barthez: Christianekin eskalatzen hasi nintzenean, krokisen munduan ere sartu nintzen. Zer ematen didan? Bada, ez dakit ondo zer den. Espainian eskalatzen genuenean, eskalada eremuaren inguruan dauden tabernetara joaten ginen, eta horietan krokisak jasotzen zituzten koadernoak zeuden. Komiki itxurako marrazki asko zituzten koadernoek, eta asko atsegin nituen. Krokis eder bat egiteko, niretzat garrantzi handia du eskalatutako bidea bertan islatzeak. Eta bide batez, marra hori zabaltzen genuenean bizitako esperientzia luzatzeko aukera ere bada.

Christian Ravier: Kontuan hartu behar da krokisa oso garrantzitsua dela, besteak beste, bide bat eskalatzeko motibatzen duelako. Eremu horretan egon baino lehen amets egitera eramaten zaitu. Krokis bat sortzen dudanean, lehenik eta behin egile batzuen marrazkiak eta ilustrazioak hartzen ditut, eta ordenagailuan maketatzen ditut. Ez dakit marrazten. Hasieran, boligrafoa erabiltzen dut, eta, ondoren, ordenagailuan maketatzen dut. Prozesu horrek hiruzpalau ordu eskatzen dizkit. Gogoko dudan tarte bat da.

Beste egile batzuekin alderatuta, zuen krokisek ez dute informazio oso zehatza ematen. Esan daiteke datu soil horiekin eskalatzaileak bere kasa moldatu behar duela?

C. R.: Nire kasuan, bai. Informazio horrekin eskalatzaileak beste datu gehigarri batzuk bilatu behar ditu. Adibidez, ez dut uste krokis batek hurbilketa bidearen eta jaitsieraren berri eman behar duenik. Zer edo zer garrantzitsua bada, orduan bai, orduan informazio zehatza eman behar da. Gainera, eskalatzaileak horma horrek dituen beste marra batzuen informazioa badu, horrek lagunduko dio. Eskarmentuak eta behaketak krokis on bat egitera eramaten zaitu.

P. B.: Ados nago Christianekin. Krokisak motibatu egin behar zaitu, baina osagai askorekin betetzea ez da ona. Zehaztasun asko ematen badira krokisa irakurtezina bihur daiteke. Hobe da interpretazioari tarte bat egitea. Jakina, bide batek duen ekipamenduari buruzko informazioa ematen da; hori uste dut erreferentzia on bat dela.

Eskola zaharreko eskalatzaileak, bide sortzaileak eta krokis egileak zarete. Erakusketa honetan egileen artean estilo ezberdinak ikus daitezke. Zein da zuena? Erakusketa honetan zaudeten egileen artetik, norekin identifikatzen zarete?

P.B.: Armand Ballarten krokisak asko atsegin ditut. Nire hastapenetan, marratxoak egiteko zuen estiloa kopiatzen nuen. Armandek hormen argia eta erliebea oso ondo marrazten ditu. Argazki batetik erliebea ateratzea zaila da oso; izan ere, erlieberik ez du. Une jakin batzuetan krokisa ulertzea zaila izan daiteke, baina, ezagutzen baduzu, orduan ondo dago. Finean, krokisa informazioa ematen duen osagai bat da.

Krokis bat sortzea artearekin alderatu al daiteke?

P. B.: Ez da, berez, arte oso bat, baizik eta arte ezberdinetatik edaten du. Bide bat zabaltzea artelan batekin pareka daiteke.

C. R.: Krokis bat koadro bat izan daiteke. Irekitako marra ederra bada, krokis on bat egitera eramaten zaitu. Marrak berak inspiratzen zaitu. Batzuetan krokis bat engainagarria izan daiteke; horrekin esan nahi dut krokis eder bat egin daitekeela, baina, agian, eskalatu behar duzun bidea ez da hain ona.

Teknologiaren iraultzarekin badirudi lan artistikoak desagertzen ari direla. Berritzeko garaia iritsi ote al da?

C. R.: Bai, gero eta gutxiago daude; ez dira erabat desagertu, eta Donostian antolatutako erakusketa hau horren isla da. Egungo krokisek informazio askoz ere zehatzagoa ematen dute. Nik ordenagailua batez ere krokisa antolatzeko eta testua sartzeko erabiltzen dut. Baina lehenik eta behin krokisa eskuz egiten dut. Gero eskaneatu eta ordenagailuan maketatzen dut. Gaur egungo krokis askok informazio oso zehatza ematen dute. Alabaina, abentura kutsua duen marra batean sartzen bazara, abentura kutsu hori bere horretan mantentzen da. Orri batean egiten baduzu, krokisari zehaztasuna ematea zaila da. Egun, gauza ezberdinak egiten ditut. Krokisa bat informazioa emateko tresna bat baino ez da. Erabilgarria izan behar du.

P. B.: Nik, adibidez, tableta grafiko bat daukat, baina ez naiz eroso sentitzen. Arkatza, tinta eta papera nahiago ditut. Krokis tekniko zein zehatz bat egiteko, infografiak asko laguntzen du. Teknologia berriekin semea oso ondo moldatzen da, baina nik ez dut neure burua eroso ikusten.