Gipuzkoa vs Lapurdi
Azken hiru urteetan sarritan idatzi izan dut surf igerilekuen aferaz dudan iritzia. Surflari direnek eta ez direnek esaten dizkidaten gauzekin itxaropen oro galduta, kontrako jarrerari eustea estrategia galtzailea dela jakin arren aldatzeko asmorik ere ez nuela ere iragarri nuen gai honen inguruan idatzi nuen azken aldian. Eta gaur esan dezaket herrialde aurreratuetan estrategia galtzailea aldeko jarrera dela. Arazoa da Euskal Herria bitan banatua dela, eta, noski, Espainiaren menpe dagoen lurralde eremuan jarrera atzerakoiak dira nagusi.
Itxaropena Europan dut; alegia, Lapurdin. Badakit Europa ez dela eredu on bat eta aurrerakoia dela esatea ere askotxo dela, baina Espainiarekin alderatzeko ia edozein ereduk balio du. Europarrek baliabiderik gabeko Afrikako herrialdeen atzetik ikusten dute Espainia, eta ikuspegi hori oso ohikoa da Lapurdiko biztanleengan ere.
«Jendeak bere egin du olatuak sortzen dituen igerilekuaren kontzeptua», «olatudun igerilekuak etorkizuna dira», «gustatu ala ez geratzeko etorri dira igerilekuak» eta antzeko esaldiak entzun behar izan ditut lau hitz baino gehiagoko esaldiekin osatutako elkarrizketa bat izateko aukerarik ematen ez duten komunikazio formatuetan. Eta errealitateak arrazoi ematen zien. Aizarnazabalen inork kexarik agertu gabe eraiki zuten lehen olatu artifiziala eta bertako irudiek sekulako arrakasta eta babesa izan zuten gainera. Surflarien artean, inork ez zuen (eta ez du) egitasmo horren inguruko galderarik luzatzen eta are gutxiago kontrako iritzirik agertzen. Gainera, surflari ezagunek, politikaz paso egiten dutela dioten horiek, loreak eta laudorioak baino ez zituzten metro erdiko olatu artifizialarentzat.
Itxaropena berpiztu didan gertakaria, beste behin ere, etorkizuneko Europan nagusi izan daitezkeen jarreren aurrerapen bat ematen duen Lapurdiko gizartean aurkitu dut. Donibane Lohizunen eraiki nahi duten olatu artifizialaren aldeko ahotsik ez da surflarien artean, eta hasiera batean aldeko iritzia azaldu zuten surflariek ere diskurtsoa aldatu behar izan dute, jaten ematen dieten babesleen nahikeriek baino indar handiagoa baitute parte diren komunitateko kideen argudioek. Justu Gipuzkoan gertatu denaren kontrako adibidea da Lapurdikoa. Donibaneko surflariek ez dute astirik galduko «behera» begira. Hegoaldeko surflariek, ordea, egoitza nagusia han «behean» dugu, Ebrotik behera, eta han nagusi diren jarrerak Europako ikuspegi orokorrean txerta daitezkeela pentsatzen jarraitzen dugu, haiek bezala pentsatzen baitugu.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
