Eskumenarekin, «erdi-askatasuneko erregimena» bultzatuko du Lakuak
Astelehenean Miquel Iceta ministroaren eskutik espetxe arloko eskumena jaso ostean, eredu propioa ezartzeko oinarriak biltzen dituen plangintza Gasteizko Legebiltzarrera igorri du Urkulluren Gobernuak. «Erdi-askatasuneko erregimenaren» aldeko apustua gailentzen da bertan. Aurretik esana du irizpide berak aplikatuko zaizkiela preso guztiei.

Lakuako Gobernuak jada bidali du Legebiltzarrera “Euskadin espetxe-eredua ezartzeko oinarriak” izeneko dokumentua. Astelehenean jaso zuen Estatu espainolak 1979. urtetik zor zion eskumena, urriaren 1era arte gauzatzerik izango ez duen arren. Hamalau orrialdeko idatzian bere estrategiaren zertzelada batzuk aurreratzen ditu.
Gobernuak berak aurretik esana duenez, preso guztiei irizpide berdinak aplikatuko zaizkie. Gogoratu behar da gaur egun kasik mila preso biltzen dituztela Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeek, eta horietatik 37 EPPK-koak direla.
Legebiltzarrean 2019an espetxe ereduari buruzko eztabaidan onartutako 59 ebazpenak hartzen ditu oinarritzat Lakuak, baita nazioarteko zenbait tresna ere, tartean Nazio Batuen “Mandela arauak. Irizpide aurrerakoiak dira oro har gehienak.
Bost helburu zehazten ditu Urkulluren Gobernuak, itxuraz behintzat Estatuak erabilitako jokabidetik urrun direnak. Lehena, «askatasunaz gabetutako pertsona gehiagok zigorrak erdi-askatasuneko erregimenean bete ditzaten lortzea, bai eta horien egoera hobetzea eta, nolanahi ere, haien gizarteratze eraginkorra lortzea ere».
Horri dagokionez, gogoan hartu behar da Bilbon Icetak esandakoa: preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika Madrilek gidatuko duela eta kartzeletako erabakiak Auzitegi Nazionaleko Espetxe Epaitegi Zentralak zuzendu ditzakeela azken instantzia gisa, orain arte bezala. Katalunian preso diren buruzagi independentistekin gertatzen ari dena ekar daiteke gogora, aurreikuspen bat egin nahi bada: espetxeetako tratamendu batzordeek hirugarren gradua eman diete behin baino gehiagotan, baina gero sarritan Estatuko erakundeek bertan behera utzi dituzte erabakiok.
Lakuak honela laburtzen ditu beste lau xedeak: «Gizarteratzeko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonen konpromiso eta eskakizun pertsonalak; biktimen eskubideak eta interesak egokiago babestea; segurtasun publiko handiagoa lortzea; eta espetxe-sistemari eta zigor-betearazpeneko sistemari dagokionez, herritarrek gogobetetasun eta pertzepzio handiagoa izan dezaten lortzea».
Andreak, adingabeak, eriak...
Ildo horiek abiapuntutzat hartuta, zenbait neurri zehazten ditu planak, espetxe eredu berria gauzatze aldera: emakumeei arreta berezia ematea, jasaten duten diskriminazioa arintzeko; adingabekoen interesa lehenestea; gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten eta 70 urtetik gorakoak diren presoen «arazo espezifikoari heltzea»; eta «iraupen luzeko kondenak dituzten pertsonen birsozializazioa aztertzea».
«Erdi-askatasuneko erregimenari» buruz neurri zehatz bat edo beste aurreratzen da idatzian. Esaterako, bost urtera arteko zigorra duten pertsonak hirugarren graduan sailkatuko lituzkete hasiera-hasieratik. «Gaixotasun mentalak dituzten pertsonak osasun-zentroetan integratzea» da beste bat: «baliteke kondenatutako pertsona batzuk ospitale-zentro egokietan ospitaleratzea», aipatzen da.
Gorka Palaciosen alabari bisitak kendu dizkiote
Gorka Palacios Aldai presoaren eta bere 11 urteko alabaren komunikazioak etenda daudela salatu zuen atzo Sare Herritarrak. Estremeran dago orain durangarra, Euskal Herritik 480 kilometrora (duela aste batzuk lekualdatu zuten Murtzia II espetxetik). Sarek azaldu zuenez, azken urtea alabarentzat «bereziki gogorra» ari da izaten, batez ere bisiten gaia dela-eta. «11 urte beteta, haurrei elkarbizitza bisitak izateko eskubidea kentzen diete. Beraien esanetan, adin horretatik aurrera, gurasoekin egoteko beharrizana desagertu egiten da». Hori egin dute Palaciosekin eta bere alabarekin.
Baina ez da hori bakarrik. Sarek jakinarazi zuenez, aitarekin aurrez aurrerik gabe segitzen du txikiak: «Murtzian egonda galdu zituzten aurrez aurrekoak errekuperatzeko aukera eman zieten espetxetik. Gero espetxe aldaketa etorri zen, eta berrogeialdia, eta aukera hura galdu zuten. Eta orain, galdutako aurrez aurrekoak ez dituztela errekuperatuko adierazi diete Gorkari eta senideei Estremerako zuzendaritzatik». GARA
EAEko 125 udalbatza agertu dira jada hurbilketaren alde
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 125 udalbatzak berretsi dute dagoeneko euskal preso politikoak hurbiltzearen eta salbuespen legediaren ordez legedia arrunta ezartzearen alde 2020ko abenduaren 11n hamalau eragilek onartu zuten Euskalduna Jauregiko Adierazpena. Sare eta Etxerat pozik agertu ziren atzo alderdi politikoek espetxe politika normalizatzeko bidean emandako urrats berria dela eta (aurretik sindikatuak ere alde agertu ziren).
Gobernu espainol eta frantsesak espetxe politikaren «humanizazioan eta salbuespenaren bukaeran aurrera egiten jarraitzea» espero dutela ere gaineratu zuten.
Bestalde, Etxeratek jakinarazi zuen Julen Atxurra Egurrola lekeitiarra Aranjuezeko espetxetik (520 kilometrora) El Duesora (170era) eta Itxaso Zaldua Iriberri hernaniarra Topasetik (460ra) Villabonara (385era) lekualdatu dituztela Iñaki Bilbao Gaubeka urduliztarra, berriz, Zueratik (245era) Basaurira ekarri dute. Urtarrilaren amaiera aldera iragarri zituen mugimendu horiek espetxeetako agintaritza espainolak. GARA

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
