Mikel AGINAGALDE
DONOSTIA
Interview
HARITZ JAUREGI
TXOLA JATETXEA (DONOSTIA)

«Neurriak ostalaritzan soilik aplikatu dira hain zorrotz»

Ostalaritzaren sektorean aplikatu diren neurriak inon baino zorrotzagoak izan dira. Zeintzuk izan dira oztopo nagusiak zuen jarduna aurrera eraman ahal izateko?

Osasun krisia hasi zenetik gaurdaino gorabehera asko bizi izan ditugu. Komunikabideetako albisteak egunetik egunera aldatu egiten ziren, eta une oro egoera berri batera egokitu behar izan dugu. Kezka eta larritasun handiarekin bizi izan dugu azken urte eta erdia. Hasiera batean hamabost eguneko kontua izango zela zirudien, baina, azkenerako laster bi urte beteko ditu honek guztiak. Eskerrak aldi baterako erregulazioak izan ditugun, bestela egoera are eta jasangaitzagoa izango zen. Azkenik, onartu behar dugu kolpe ekonomikoaz gain, gogo-aldartean ere gogor eragin digula krisiak.

Esan bezala, pandemia hasi zenetik hartutako neurriak zorrotzagoak izan dira ostalarientzat, bai behintzat beste lan jarduera batzuekin alderatuz gero. Zein da zure iritzia irizpide desberdintasun horren inguruan?

Iruditzen zaigu gertatutako guztiaren errua guri egotzi izan digutela hasieratik bertatik, eta gure sektoreari ezarri zaizkion neurri horiek guztiak basati samarrak izan direla. Neurri horiek, gainera, ostalaritzaren sektorean soilik aplikatu dira hain zorrotz; supermerkatu, banketxe edota garraio publikoan, esaterako, arau horiek ez dira modu berean inposatu eta bete; hori oso agerikoa dela uste dut.

Arestian aipatu duzunaren arabera, egoera oso gorabeheratsua izan da eta ezjakintasuna nabarmena. Orain uda garaian gaude, Aste Nagusia laster hasi beharko litzateke... Etorkizuna, baikortasunez ikusten al duzue?

Une honetan gehien interesatzen zaiguna eta nahi duguna da normaltasunera itzultzea eta gure jarduna ahalik eta modurik onenean egin ahal izatea. Behin hori lortuz gero, gure negozioarekin aurrera jarraitzeko aukera izango dugula uste dut. Beraz, bai, baikorrak gara etorkizunari dagokionez.