M.A.
Leitza
Interview
JOSE RAMON INTXAUSTI
MAIMUR LIBURU DENDA (LEITZA)

«Zuzenean edo zeharka, guztioi eragin digu egoerak»

Liburu eta paper dendak behar-beharrezko zerbitzuak izanik, ez dituzue beste sektore batzuek izandako neurri zorrotzak jasan. Hala ere, nola bizi izan duzue osasun krisiaren astindua?

Lan kargari dagokionean, behinik behin, ez dugu aldaketa eta etenaldi handiegirik sumatu. Izan ere, iazko martxotik ez dugu momentu batean ere behartutako itxialdirik izan. Are gehiago, krisia hasi eta lehen une haietan egunkarien, aldizkarien eta denbora-pasen salmentak gorakada nabarmena izan zuen, jendeak etxetik ateratzeko aukerarik ez zuen eta. Gainontzean, ohiko martxarekin jarraitu dugula onartu behar dugu.

Uda garaian mugimendu handia izaten duzue Maimur liburu dendan? Hau da, egunkari, liburu eta bestelako paperezko produktuen eskaria areagotu edo gutxitu egiten da?

Egia esateko, uda ez da garairik okerrena izaten gure negozioarentzat. Izan ere, kanpoko jende andana gerturatzen da Leitzara. Kataluniako, Espainiako eta Euskal Herriko txoko ugaritako bisitariak izaten ditugu hemen atzera eta aurrera, eta horietako asko eta asko gure liburu dendatik pasatzen dira guk eskaintzen ditugun produktuak erostera. Zentzu horretan, ez daukagu kexatzeko arrazoi handiegirik.

Horrenbestez, esan al daiteke Maimur liburu dendak ongi egin diola aurre krisi egoerari beste sektore batzuekin alderatuta? Baikortasunez begiratzen al diozue geroari?

Erantzuteko galdera zaila da hori. Ez dakit ba nik zer esan. Egia da urte eta erdi honetan ez dugula une batean ere denda itxi behar izan, baina, zuzenean edo zeharka, egoera latz honek, guztioi bezala, eragin egin digu, noski. Gainera, gobernuek egun batean arre esaten badute, hurrengo egunean iso esaten dute. Nik uste haiek ere ez dakitela gauzak ondo egiten dituzten ala ez. Horrek guztiak ziurgabetasun handia sortzen digu sektore ekonomiko guztietan.