Lakuntzako euskara gorde eta zabaltzeko lanean hasi dira herrian
Bertako euskara gero eta gutxiago entzuten delako kezkatuta, Lakuntzako hainbat herritar lanean hasi dira egoerari buelta emateko. Euskalkia erabiltzen duten pertsonekin harremanetan jarri eta gonbita luzatu diete ez dakitenekin elkartu eta hizkuntz aberastasun hori ezagutzera emateko. Bide batez, belaunaldien arteko loturak ere indartu nahi dituzte, eta, azken finean, herriaren nortasuna mantendu.

Kanpotik begiratuta, ekimenak xinplea dirudi, baina atzean egoera berezi eta konplexua gordetzen du, ikerketa soziologiko sakona egiteko modukoa. Alde batetik, euskara beraren erabilpen maila behera doa Lakuntzan eta gaztelaniaz gero eta jende gehiagok hitz egiten du, nahiz eta euskaraz jakin; bestetik, euskara erabiltzen duen askok batuaz egiten du, batez ere gazteenek; eta azkenik, herriko haur eta gazte askok Etxarri-Aranazko ikastolan ikasten du eta gehiago hitz egiten dute bertako euskalkian. Beraz, faktore guztiak kontra ditu Lakuntzako euskarak.
Egoerak kezka sortu du 1.275 biztanle dituen Sakanako herriko hainbat bizilagun eta talderen artean. Joxe Ramon Garinek azaldu duen moduan, «alde batetik, nire inguruko pertsona batzuk elkartzen hasiak ginen zerbait egin behar zela ikusten genuelako; eta orduan jakin genuen beste herritar talde bat ere, bere aldetik, zerbait egiten ari zela; eta gero gazte asanbladakoak ere bai. Orduan, denok elkartzea erabaki genuen».
Lehenbiziko lana, bertako euskara erabiltzen duten Lakuntzako herritarren zerrenda osatzea izan da. Taldeko kideek diotenez, zerrenda horretan batez ere 65 urtetik gorakoak daude. «Konturatu gara 65 urtetik behera asko galtzen ari dela bertako euskara, nahiz eta etxe batzuetan gazteek ere erabiltzen duten».
Azken asteotan harremanetan jarri dira beraiekin eta bertako euskara ikasi nahi dutenei erakusteko proposamena egin diete. Erantzuna oso ona izan dela diote, eta, datorren asteazkenean, lehen bilera zabal bat egingo dute herriko plazan, aurkezpen modura. «Abuztuaren 25ekoa lehen harreman bat izango da. Gure helburua mintzatalde batzuk osatzen hastea da, bertako euskalkia dakitenek ez dakitenei irakasten hasteko».
Jakin badakite ez dela erraza izango, baina behintzat aukera hori zabaldu nahi dute. «Lehenbizi entzun, eta gero, erabiltzeko aukera ere eman nahi dugu, pixkanaka jendea ohitzen joan dadin, azken finean ohitura kontuak direlako», diote taldeko kideek.
Ekimen honen bidez herriko historia eta ohiturak ere berreskuratu nahi dituzte. «Mintzatalde horietan saiatuko gara herriaren inguruko gaiak ateratzen: ohiturak, historiak edo etxe eta lekuen izenak adibidez». Aldi berean, bertako euskarak duen balioa aldarrikatu nahi dute, gaur egun jende helduak ez diolako garrantzirik ematen.
Egoera hobea inguruan
Inguruko beste herriekin alderatuta, Lakuntzako egoera Arbizukoa edo Etxarrikoa baino okerragoa dela uste dute, horregatik ikusi dute zerbait egiteko beharra: «Arbizun edo Etxarrin denek erabiltzen dute bertako euskara beraien artean, baita gazteek ere, baina Lakuntzan 65 urtetik gorakoek bakarrik erabiltzen dute».
Arbizu eta Etxarri bi eta bost kilometrora dauden herriak izanik hainbesteko desberdintasunik ba ote dagoen galdetzerakoan, baietz erantzun dute. «Euskalkiaren oinarria berdina baldin bada ere, han gehiago jotzen dute Gipuzkoako Goierri aldeko euskalkira».
Ekimenaren helburu nagusia Lakuntzako euskara gordetzea bada ere, azken finean belaunaldien arteko loturak ere indartu nahi dituzte, harremanik ezean hizkuntza baino askoz gehiago galtzen delako: herriaren nortasuna.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
