Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Oporrak

Bitxia da, edo kuriosoa behintzat, opor garaietan norabait bidaiatzen dugunean, veraneante mozorroa jartzearen ohitura. Norberak irudikatuko du itxura; jakina, beti besteena, ez norberarena. Baina onar dezagun, baditugu jantzi batzuk oporretarako propio, oporretan gaudela sinets dezagun, eguneroko ohiturak bazterrean utzita, beste errealitate batean gaudela islatu dezagun ispilu aurrean ere.

Festak heltzen direnean ere, antzeko zerbait gertatu ohi da. Badut lagun bat, nerabe zenetik, “Gora Euskadi” txano bat gordetzen duena festetan bakarrik erabiltzeko. Txano horrekin herriko festetan ikusiko duzu, ez beste herritakoetan. Jokaera hori ez da nolanahikoa. Huizinga filosofoak “Homo Ludens” liburuan jokaera horren arrazoiak ematen dizkigu, jolasarekin lotuz. «Jolasa ez da ‘ohiko’ bizimodua edo bizitza ‘berez esanda’. Nolabait, bertatik berezko joera duen beste aldizkako aktibitate esfera ‘batera’ ihes egitea da». Izan ere, oporraldia “bizitzaren” ohikotasunetik kanpoko bizitza da, eta jolas horren beharra dugu, egunerokotasuna alboratu eta beste “aktibitate esfera batean” sartzeko. Opor janzkerak jolasaren parte dira.

Ipuinak kontatzean ederki dakigu jolas horren beharra. Kontatzean ohiko errealitatetik kanpo jartzen gara, ezinezkoa egia bihurtzeko. Irudimena errealitate bihurtzen da; kontalaria eta entzuleak jolasean murgiltzen dira egunerokotasuna oporretara bidaliz. Oporretatik bueltan errealitatea aldatzeko indar berriturik itzul gaitezen!