Martxelo DIAZ
DONOSTIA

(Euskal) literaturaren gabeziak agerian utzi ditu Irati Jimenezek

Euskal literaturak eta, oro har, literaturak dituen gabeziak eta arazoak mahai gainean jarri ditu Irati Jimenezek, Elkarrek argitaratu duen «Begiak zabalduko zaizkizue» liburuan. «Ez gaude kreatibitateari dagokionez loraldi batean, momentu baxuan gaude», aipatu zuen atzo idazle mundakarrak. Ez da, ordea, bere egoeraren isla, tarte txikian kaleratu duen bigarren lana baita; «Ogia eta zirkua», Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno saria jaso zuena, da bestea.

Literaturak oro har eta euskal literaturak zehazki dituen gabeziak eta arazoak mahai gainean jarri ditu Irati Jimenezek “Begiak zabalduko zaizkizue” (Elkar) liburuan. «Literatura esplikatzen dut literatura egiten dudan bitartean», azaldu zuen egileak atzo Donostian egindako aurkezpenean.

«Altxor» eta «mirari» hitzak erabili zituen Jimenezen lana aurkeztean Xabier Mendiguren editoreak. Euskal letrei, literaturari, irakurleei maitasun adierazpena ere badela esan zuen. Izan ere, horrelako lan bati ekiterakoan ozpintasunetik egin ohi dela nabarmendu zuen. Jimenez, ordea, neurriz eta maitasunez abiatu zen, euskal literaturan konpondu beharrekoak aipatuz. Bikote baten arazoetan gertatzen denaren antzera, «hau konpondu behar dugu» kontzeptua da helburua.

Horrekin batera, “Begiak zabalduko zaizkizue” urteetako lanaren isla dela gehitu zuen. «Bizitza oso bateko irakurketa» dago liburuan. Horren isla, aurkibidean agertzen diren idazleen zerrenda: Axular, Gabriel Aresti, Joxe Azurmendi, Txillardegi, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia... Baita Miguel de Cervantes, Mariano Jose de Larra, Jorge Manrique, Jose Marti eta abar ere.

Ona eta txarra

Irati Jimenezek hedabideen aurrean azaldu duenez, garai batean gaizki idatzitako testuak irakurtzeko afizioa hartu zuen. Telezaborra edo irrati faxistak daudela onartzen dugun bezala, gaizki idatzitako testuak ere badaudela nabarmendu zuen egileak. «Nahiz eta hori ez dugun esaten», esan zuen. «Pasio hori garatu nuen, oso dibertigarria, entretenigarria da».

Balantzaren beste aldean, momentu txarrak izan zituela kontatu zuen Jimenezek. Adiskidantza bat apurtu zitzaion eta ez zuen testu kaskarrak irakurtzeko gogorik. Literatura onarekin maitemindu zen, laguntasun handia topatu zuen literaturan, mesede egin zion.

Liburua literatura txarra eta ona, «zorionekoa», irakurtzearen emaitza da. Baina horren atzean lan ugari dago, lan sistematikoa. Beste gauza askoren artean, euskal literaturaren kritikak irakurtzea.

Lau zatitan

«Begiak zabalduko zaizkizue», esan omen zien sugeak Adam eta Evari, eta begiak zabaltzeko gonbita egiten digu guri ere egileak informazioa emanez. Lau zati ditu liburuak. Lehenengoan, sortze prozesuaren azalpena egiten da, hipotesi jakin batetik abiatuta: «Ez gaude kreatibitateari dagokionez loraldi batean, momentu baxuan gaude». Horren erakusgarri, tantaka-tantaka gertatzen ari den irakurle galera da. «Arazoa ez da konponezina, baina arazoak daudela onartzea da erresistentziarik handiena».

Bigarren zatian, orokorretik euskal literaturara pasatzen da, diagnosia egiteko eta arazoak aipatuz. «Zer egiten dugun gehiago eta zer ez dugun hainbeste egiten». Gabeziak aipatzen ditu, horien artean, euskaldunak ez direla munduko komunitaterik handiena. Arazo historiko asko dago, eta ez dira konpondu.

Hirugarren zatian, «zer da literatura?» galderari heltzen dio Jimenezek. «Oso inportantea da hau», nabarmendu zuen. Izan ere, feminismoari buruzko liburu baten egileari feminismoaz galdetzen diote. Gatazkari buruzko liburu baten egileari gatazkaz galdetzen diote. «Baina inoiz ez dugu testuaz hitz egingo. Ez zaigu literatura erakusten, soilik literaturaren historia. Eta ez oso ondo», esan zuen. Hainbat kontzeptu azaltzen dira zati honetan, eta jakintzat ematen ditugunak zalantzan jartzen dira. «Irakurritzat ematen ditugu liburuak, baina irakurri gabe ditugu. Kritikoek ere ez dute liburua irakurtzen baina irakurri dutela uste dute. Asko saltzen diren liburuak txarrak direla diogu, baina ez da egia osoa. Hor dugu ‘Kixote’, adibidez».

Laugarren zatian, berriz, hobera egiteko euskal literaturak zer behar duen aipatzen du Jimenezek: «Kritika behar duela diogu, izango ez balu bezala. Ongi egindako kritika behar da. Sormena ez dugu aipatzen, bermatuta egongo balitz bezala», gaineratu du. Umorea, norberari barre egiteko, ere faltan sumatzen du, Irlandan ez bezala.