Surfaren historian zehar bidaia bat proposatu du Itsasmuseumek
Surfaren alderdi desberdinak ezagutarazteko erakusketa ireki du Bilboko Itsasmuseumek. Bederatzi bloketan banatutako zirkuituan, 60ko hamarkadatik gaur egun arte Euskal Herriko kostaldean surfak izandako bilakaera eta historia azaltzen ditu «Surfing Euskadi» izeneko erakusketak. Gaurtik hasita urriaren 30era arte ikusgai egongo den erakusketak 23 surf ohol, neoprenoak, aldizkariak eta bestelako materialak batzen ditu.

Surfaren alderdi desberdinak ezagutarazteko erakusketa aurkeztu zuen atzo Bilboko Itsasmuseumek. Bederatzi bloketan banatutako zirkuituan, 60ko hamarkadatik gaur egun arte Euskal Herriko kostaldean surfak izandako bilakaera eta historia esplikatzen ditu erakusketak “Surfing Euskadi” izenburupean. Erakusketa urriaren 30era arte bisitatu ahalko da.
Erakusketan bederatzi gai-multzo nagusiri heldu die Itsasmuseumek: historia, surfari lotutako pertsona ospetsuak, olatu nabarmenenak, tokiko industriaren garapena, surf inklusiboa, artea, hedabide espezializatuak, zerbitzuak eta puntako teknologia. Hori horrela, Lorea Bilbao Itsasmuseumeko presidenteak aurreratu zuen «arlo bakoitzak bere esparrutxoa» duela erakusketan.
Esposizioko ibilbidea hastean, ikusleak argazki bilduma bat izango du aurrez aurre, eta, bertan, euskal kostaldeko olatu ikusgarrienetako batzuen argazkiak aurkituko ditu. Irudien ondoan, 60ko hamarkadan surfean emandako lehen pausoak azaltzen dira, ordena kronologikoan.
Jarraian, pertsonen txokoa dago, eta, bertan, EAEko surf munduan esanguratsuak diren kirolari, langile, eragile eta bestelakoen erretratuak jarri dituzte collage batean. EAEko surf eskola desberdinetako likrazko kamisetak ere badaude.
Gero, horma zuri batean, Euskal Herriko kostaldeko mapa bat marraztu dute, surferako hondartza egokienak adieraziz. Erakusketaren aurkezpenean Daniel Solana Basquetourreko zuzendaria egon zen eta, azpimarra berezia egin zuen surfa turistak EAEra erakartzeko «nahitaezko elementua» dela esanez. Esparru artistikoan, ostera, kirol honekin lotutako hainbat aldizkari, kartel eta iragarki bildu dituzte, baita 80ko hamarkadan argitaratutako binilo bat ere. Javier Amezaga “3sesenta”-ko editore eta erakusketaren komisarioaren aburuz, garai hartako hit surferoak batzen ditu biniloak.
Erakusketan skate taulak ere topa daitezke, kirol horrek surfarekin duen lotura estuagatik. Berezitasun moduan, espainiar Estatuan fabrikatutako lehen skatea, “Sancheski” bezala ezagutzen dena, dago, zeina sortzaileek Irunen fabrikatu eta patentatu zuten. Industriaren txokoan EAEko neopreno eta ohol fabrikatzaile nagusiekin egingo du topo bisitariak, baita Wavegarden olatu artifizialen enpresa gipuzkoarrak Brasilen eraikitako surf parkearen bideo batekin ere. Azkenik, aniztasun funtzionala duten kirolarientzako belkroz osatutako neoprenoak eta taula egokituak daude.
Surf oholen bilduma
Erakusketa 23 surf oholek osatzen dute, horietako asko aitzindariak EAEko surfaren historian. Bertako taula zaharrena 1970ean Patxi Olidenek Orion fabrikatutako egurrezko ohol bat da. Olidenek Hego Euskal Herriko lehen tailerra sortu arte, Biarritzetik inportatzen zituzten surf- oholak Bizkaiako eta Gipuzkoako hondartzetara.
Biarritzera, alabaina, Kaliforniarrek eraman zuten surfa estreinakoz. Amezagak gogorarazi zuenez, 1958an Peter Viertel gidoilariak surf ohol bat eraman zuen Biarritzera bertan pelikula bat grabatzeko. Gerora, Jackie Rottek eta Michel Barlandek estatubatuarraren taula kopiatu zuten, erreplika horretatik abiatuta Barland & Rott etxea sortuz. Erakusketan dagoen ohol ez da lehen kopia hori, baina sorta berekoa da, 1977an egindakoa.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
