Besta modu berri bat proposatu du Nafarroako Gobernuak: parekidea
«Berridatz ditzagun jaiak». Hori da Nafarroako Gobernuak, Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bidez, udako jaietarako sentsibilizazio kanpainarako aukeratu duen leloa. Udalen esku jarri du kanpaina, eta bestan genero desberdintasunak areagotu egiten direla agertu du.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, bestak bizitzeko modu berri bat proposatu du Nafarroako Gobernuak: parekidea. Horretarako, Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bitartez, sentsibilizazio kanpaina bat prestatu du. “Berridatz ditzagun jaiak” du lelo, eta udalen esku jarri dute.
Kartela, bideoa eta sare sozialetarako materiala hartzen ditu barne kanpainak. Aurkezpenean azaldu zutenez, kartelean hainbat esku biltzen dira. Bakoitzak mezu bat darama: “Etxera itzultzean seguru sentitzea”, “Niretzako denbora izatea” “Jazarpenik sentitu gabe gozatzea”, “Bai bakarrik da bai” eta “Matxismoa soberan dago”. Bideoak desiratutako egoera bat erakusten du: emakume bat seguru sentitzen da etxerako bueltan, bestak aske disfrutatu ondotik.
Euskarri horiek guztiak udalek erabiltzeko prest daude. 2019an, ospatu ziren azken udako jaietan, nafarren %90i zerbitzua ematen dieten 133 udal batu ziren kanpainara.
NABIko zuzendari kudeatzaileak, Eva Isturizek, parekidetasuna oinarri duen besta eredu berri baten alde konpromisoa hartzera deitu zituen herritarrak. «Jaietan, genero desberdintasunak areagotzen dira: erasoak, estereotipoak, gizonen nagusitasuna, lanak sexuaren arabera banatzea... », azaldu zuen.
Horregatik, jai eredu berri baterako bidean aitzinera egiteko konfiantza agertu zuen. Nagore Laffage eta La Manadaren erasoa jasan zuen emakumea izan zituen gogoan, eta nafarrek eman zuten erantzun eredugarria txalotu zuen.
Kanpainak emakumeen askatasunean eta mikromatxismoetan jartzen du arreta. Isturizek jai gune anitz, parekide eta seguruak aldarrikatu zituen. «Alkoholak eta beste drogek desinhibitze efektu bat izan dezakete, baina ezin dira indarkeria edo emakumeak objektu sexual gisa tratatzea justifikatzeko erabili», azpimarratu zuen.
Alkohola da bortxaketen «droga izarra»
Iruñean bortxaketei buruz egin ziren jardunaldietan salatu zutenez, maiz bortxatzaileak biktima alkoholaren eraginpean dagoela aprobetxatzen du erasotzeko. Azaldu zutenez, gero eta gehiago mintzatzen da mendekotasun kimikoaz, baina bortxaketen «droga izarra» alkohola da oraindik.
Sonia Ricondo sexu indarkerian espezializatutako abokatuak indarkeria mota honen aurrean babesteko lege berriak dakarren aurrerapausoa txalotu zuen Iruñeko Udalak eta Madrilgo Berdintasun Ministerioak antolatutako hitzordu honetan. Argitu zuenez, mendekotasun kimikoak ez du momentuz delitua larriagotzen. Kontrakoa: sarri abusutzat hartzea ekartzen du eta ez erasotzat, eta ondorioz zigorra txikiagoa izaten da. Lege berriak sexu eraso kategoria eman nahi dio, eta sumisio kimikoak delitua larriago egitea ere bilatzen du. Sumisio kimikoaren kontzeptua zabaltzea proposatu zuen Ricondok, erasotzaileak biktima alkoholaren eraginpean dagoela baliatzen duen egoerak ere barne hartzeko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
