Kukurrukua eta azeria
Hainbeste luma utzi ditu Kevin McCarthy oilarrak Ordezkarien Ganberako presidentetza lortzeko ezen, ia mutilduta geratu den arren (edo horrexegatik, hain zuzen), kukurruku egin beharko baitu berehala... bizirik dagoela aldarrikatzeko besterik ez bada.
Eta arestian, Taipeira supituan joan, han di-da batean adierazpen oilartu batzuk bota eta ziztu bizian etxera itzultzea da Mendebaldeko politikari profesional petoen kukurruku-estilo ia bakarra. Bueno, azken hilabete hauetan Kieven ere jo liteke kukurruku, baina ez dut uste McCarthy hara abiatuko denik. Esan behar da, gainera, lehendik ere iragarria duela McCarthyk Taiwanerako bisitaldia speaker bihurtu bezain azkar. Beraz...
Izango ditu, ordea, endredo batzuk kukurruku horrek. Joan den abuztuan N. Pelosik, Etxe Zuriaren eta gainerakoen iritziaren aurka, bisitaldi bertsua egin zuenean bezala, Pentagonoa guztiz aurka egongo da, ziur. Segurtasun endredoez gain, orduko eskarmentuak gogoraraziko dielako ahulezia erakusten dutela horrelakoek. Zaunka asko, haginka gutxi. Indarra, irmotasuna eta abar beste era batera erakutsi behar dira. Batez ere han.
Gainera, Pelosiren oilarkeriak Biden eta Blinkenen asmo diplomatikoak zapuztea (eta haiek, gero, Balin nola edo hala konpondu behar izatea) baino askoz gehiagorik lortu ez bazuen, McCarthyren errepikak oso antzeko zerbait erakarriko luke. Orain arte Washingtonen enbaxadore izan den Qin Gang Kanpo Arazoetako ministro bihurtu izanak piztutako goxotasun itxaropenak sine die antzututa gera daitezke.
Hala ere, kukurrukuaren arriskurik handiena azeria da. Apenas zaunka egiten duen hark oilarrari eta garrangari esker kausitzen baitu oilategia. Eta Taiwanen oso argi ikusi zen hori Pelosiren bisitaldiarekin: Ekialdeko Barruti militarra aspalditik prestatzen ari zen blokeo erakustaldia egikaritzeko -eta Taiwango armada kikiltzeko- parada ezin hobea aurkitu (eta aprobetxatu) zuen AHAk.
Apustu, McCarthyrentzat antzeko «gorazarrea» prest dagoela.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
