GARA
DONOSTIA

Kartzeletako euskara eskolak administrazioaren esku daude

Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeetan euskara ikasi nahi dutenek babes ofizial osoa izango dute aurrerantzean, hamarnaka irakasle boluntariok eginiko lanari esker. Urruntzea amaituta, joan den ikasturtean 119 izan ziren kartzela horietan euskara ikasten aritutakoak.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean.
Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Agurrak tristeak izan ohi dira, baina azken sei-zazpi urteotan modu boluntarioan aritu den Presoen Euskara Irakasleen Taldeak pozik iragarri du ibilbidearen amaiera. Izan ere, kartzelan daudenek euskara modu ofizialean ikasi ahal izatea lortu dute, eta lekukoa administrazioari pasatu diote.

Gogoratu dutenez, urruntzea «bere gordinkeria osoan» indarrean zegoenean, ehunka euskal herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea «erabat kolpatua» zuten. Sakabanaketak eragiten zituen beste hainbat ondorio lazgarrirekin batera, «mintzoa ere lapurtu nahi izan die» euskal presoei: unibertsitatean euskaraz ikasteko aukerarik ez, posta edota telefono bidezko komunikazioetan erdaraz aritzeko inposizioa... Euskara ikastea ere «ezinezkoa» zen. Testuinguru horretan sortu zen Presoen Euskara Irakasleen Taldea.

AUKERA BERRIAK

Euskara ikasteko aukerari dagokionez ere, «aro berri bat» ireki zuen urruntzearen amaierak, eta hasieratik bertatik irakasle boluntarioek administrazioari planteatu zioten «espetxeetan euskara ikasteko moduak ofiziala behar zuela izan, kalean eskaintzen diren aukera berdinak eskainita, euskaltegien bidez garatzen den metodologia eta bitarteko egokiak bermatuta». Zaballan hasitako bidea Basaurira eta Martutenera zabaldu zuten: «Ez, zoritxarrez, Iruñean; are gutxiago Lannemezanen». Hala, 2022-23 ikasturtean euskara ikasten aritu ziren 62 ikasle Zaballan, 33 Martutenen eta 24 Basaurin, 33 irakasleren eskutik.

Aurtengo ikasturterako agindu zieten ikasketa prozesuari «molde ofizialez eta osotasunez» ekingo ziotela erakundeek, espetxe administrazioak eta HABEk elkarlanean. «Urrian izan behar zuena orain gauzatu da, azkenean -azaldu dute-. Eta dagoeneko ikasten ari diren presoen jardunak babes ofiziala du».

«Borondate hutsez aritutako irakasleok lekukoa eman diegu euskaltegiei, beraiek gara dezaten abiatutakoa. Urrats funtsezkoa da bere txikitasunean. Batez ere, datorren ikasturtean, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan euskara ikasteko eskubidea osoa izango delakoan», gaineratu dute.

Espetxeetan euskaraz bizitzeko aukera «erreala eta kalitatezkoa» izan dadin urrats gehiago egin behar direla jakitun dira, nolanahi ere. Hortaz, euskal jendarteari eta bereziki euskaltegiei zein euskal kulturaren sustatzaile orori dei berezia egin diete, adi egon daitezen eta datorren ikasturteari begira, matrikulazio garaian, espetxeak ere gogoan izan ditzaten.