Pilar Kaltzada: «Haurren aisialdia ez da luxu bat»
Aurten ere udalekuak antolatu ditu Save The Children GKEak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ekimenaren berezitasuna da gizarte bazterketa arriskuan dauden 380 haur direla xede taldea. Horri buruz hitz egiten izan zen NAIZ Irratian Pilar Kaltzada, erakundeko presidentea.

Egoera zaurgarrian dauden familientzat, sarritan, ezinezkoa da udako aisialdi eskaintzak baliatzea. Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) iritzi du haurren aisialdia ez dela «luxua», baizik haien garapenerako «nahitaezko» baldintza; horregatik, udalekuen bitartez, 380 haurrek aukera hori izan dezaten ahalbidetuko du aurten ere.
Pilar Kaltzada erakundeko presidentearen arabera, erakundeko kideentzat urteko unerik berezienetako bat dira udalekuak, «eta badakigu bertara etortzen diren haurrentzat ere halaxe dela», baietsi zuen NAIZ Irratian atzo egindako elkarrizketan.
Udan familia batzuek zailtasunak izaten dituzte haurrek bizitza «normalizatua» izan dezaten, eta sarritan etxean geratu behar izaten dira haur ugari. Hori ez dadin izan horrela, familiei zailtasunak gainditzen laguntzen die erakundeak, urtean zehar sistema formalak eskaintzen dituenetatik bestelakoak diren baliabideak familien eskura jarrita. Sistema hori eskolak betetzen du normalean, baina «udan huts egiten du katebegi horrek», Kaltzadaren hitzetan.
Familiak hartzen du ardura, «baina hori egin dezakeenik ezin dugu bermetzat hartu eta, gainera, familia euskarririk gabeko haurrak ere izaten dira gurean», esan zuen.
AUKERAK ZABALDU
Bizi-baldintzei buruzko azken inkestaren arabera, hamar etxeetatik bizpahirutan ezinezkoa dute haurrei udako aisialdia eskaintzea. Azken bi urteetan, gainera, egoera ekonomikoak okerrera egin du. Ildo horretatik, Kaltzadak gogora ekarri zuen aisialdia dela «egoera ekonomiko zailean zaudenean kentzen duzun lehenengo gauza, eta gure interbentzioak agerira ekartzen duena da haurren aisialdia ez dela inola ere zerbait gehigarria edo luxua, baizik eta haurrek garapen eta bizitza normala izan dezaten nahitaezkoa duten zerbait».
Merkatuko prezioetan gaur egun dagoen eskaintzarekin, familia askorentzat ohiko udako jarduerak ez dira egiazko aukera, ezin diotelako kostu horri aurre egin. Hortaz, ekitate irizpideari jarraiki, «beste aukera batzuk landu behar dira», aldarrikatu zuen Save The Children-eko presidenteak.
«Pobreziaren erradiografia egiten dugunean ikusten dugu normalean guraso bakarreko familiekin lan egiten dugula, ama eta haur bat nukleo bakoitzeko», esplikatu zuen Kaltzadak. Horregatik, esan zuen familiek eskertzen dutela udan haurrentzako propio diseinatutako ekintzak «zaintza eta berme guztiekin» diseinatzea.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
