GARA

ERRIGORA: INOIZKO BANAKETA HANDIENA

Errigoraren «Eskuz esku» udaberriko kanpainak inoizko harrerarik onena izan du; iaz baino 974 eskaera gehiago egin dira.

Errigorako sarekideak, eskariak prestatzen.
Errigorako sarekideak, eskariak prestatzen. (ERRIGORA)

Errigoraren “Eskutik eskura” kanpaina martxoaren 26an amaitu zen, eta atzo emaitzen berri eman zuten. «Inoizko harrerarik onena» izan duela azaldu zuten, eta nabarmendu zazpi lurraldeetan gora egin duela eskariak. Osotara, 145.500 litro olio eta 30.700 sorta baino gehiago eskatu dira ia 10.700 eskaeretan. 2025eko kanpainak «jauzi berri bat» suposatu omen du: «Errigoraren komunitatea urtetik urtera gehiago zabaltzen ari den erakusgarri dira kanpaina honen emaitzak» eta «kontsumitzaile arduratsuen sarea» handitu egin dela adierazi zuten. «Kanpaina honek eman dituen emaitzei esker, aurrera begira ere bitartekari espekulatzailerik gabeko eredua indartzen jarraituko dugu Errigoran, eta kontsumitzaileen zein ekoizleen beharrak erdigunean paratuko dituen eredu bat eratu», esan zuten. Nafarroa erdi eta hegoaldeko ekoizpena «indartzen eta babesten» jarraituko dutela aipatu zuten. Hala ere, kanpaina bukatzearekin ez delako lana amaitu, gogoratu zuten «etengabeko lanketan» dihardutela, «anbizioz eta ilusioz», hiru helburu hauetara hurbiltzeko helburuz: elikadura burujabetza, euskara eta auzolana.