GARA
BILBO

Topagunetik ziklo berriari ekiteko jasotako indarra eta tresnak nabarmendu ditu Ernaik

Berriozarren lau egunez milaka gazte bildu ditu Topaguneak, eta horren inguruan balorazio positiboa egin zuen Ernaik atzo. Hausnarketarako saioak eta festa giroa batu dituen hitzorduak «Euskal Herrian zabaltzen ari den ziklo politikoari gaztetasunetik erantzuteko» emandako «tresnak» eta «indarra» nabarmendu zituen.

Ernairen ekitaldi politikoa, «Gazteon eskutik independetziara» lelopean, Berriozarren.
Ernairen ekitaldi politikoa, «Gazteon eskutik independetziara» lelopean, Berriozarren. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gustura agertu zen atzo Ernai gazte antolakundea, Berriozarren lau egunez milaka gazte bildu dituen Topagunea baloratzean. Hitzorduak «ziklo politiko berriari gaztetasunetik erantzuteko» emandako tresnak eta bertan bizitako «giro ederra»; horiek nabarmendu zituen. Hausnartzeko parada ematen duten hitzaldien, tailerren eta solasaldien zein aisialdiari begirako eskaintza zabalaren ondoan, espazio seguruak sortzeko egindako lana ere azpimarratu zuen Ernaik. Egunotan izandako parte hartze aktiboa ere aipatu zuen, eta zehaztu, orotara 3.000 gazte inguru batu zirela joan den ostegunean hasi zen ekimenean.

Aberri Egunaren biharamunean, bestalde, «herri gisa jauzi egiteko aukera» dagoela esan zuen Gure Eskuk, eta indarrak batzera deitu zuen, ekainaren 7rako Bilbon deitutako mobilizazio nazionala «funtsezko mugarria» izango dela iragarriz. «Berriz ere, nazioa dela eta munduak gaur egun dituen erronkei autogobernu handiagoaz eta burujabetzatik heldu nahi diela aldarrikatu du Euskal Herriak lau haizeetara, Aberri Egunean», esan zuen gazte mugimenduak. «Argi geratu da», beren hitzetan, burujabetzarako bidean urratsak egiteko gogoaz gain aukera ere badagoela.