Surflari Ernegatua

Goraintziak eman Ioni

Gaurkoan ere ez dut aitzakiarik surfa ez den beste zerbaiten inguruan idazteko. Ez dut esfortzurik egingo esan nahi dudana surfarekin lotzeko. Baina, horrela, oharkabean, jada bete dut zutabe hau idazteko ezartzen didaten ezinbesteko baldintza bakarra, «surf» hitza nonbait agertzea. Lerro hauek irakurrita, nire hitz egiteko modua azaleratzen dudala pentsatuko dute ezagutzen nautenek. Ezagutzen ez nautenek, ostera, harrokeria dela esango dute, eta ez zaie arrazoirik falta, baina lehenak oker daude, zeren nire umorea, ironia eta esaldi barregarriak norbaitengandik jasotakoak dira; ez dira nireak, ez dut hainbesteko irudimenik. Horregatik ez dute graziarik nire ahotan.

Nire irakaslea aurkeztu nahi nuke, Harry Zikinaren esaldi guztiak, banan-banan, ahots sakonarekin nola errezitatzeko gai zen azaldu; Freddy Mercurik sortu zuen pertsonaia Freddyk berak baino hobeto antzezteko gai zela nabarmendu. Tabernak etengabe bataiatzeko zuen ohituraren eta ezizenak asmatzeko zuen dohainaren atzean jenio bat zegoela adierazi. Edo txiste eta graziak eguneratzeko zuen gaitasuna goraipatu. Baina bere gertukoek bakarrik uler diezadakete. Ez baita lurrean halakorik azaltzeko gai denik.

Bat-batean, «ixo, ixo, ixo...», oihukatuko luke, eta jarraian, kuadrilla osoaren arreta bereganatu ostean, «pssssssssss.... hori bai soinu ederra», gaineratuko luke garagardo lata irekiz. Eta, «bat eango yau», esango luke lehen hurrupa amaitu ostean; «bakarra» erantzungo lioke orain berarekin den Ionek. Eta «the first one?», galdetuko lioke goizeko lauretan ezagututako eskoziarrari, eta bitartean, kuadrillari begira, eskuin betazala erortzen utzi, masailak luzatu, eta ezpainak estutuz, lagunen barre algarak eragingo lituzke. Ez zuen gehiago behar.

«Beste bat eta etxea», zioen kuadrillakoen eskelak, eta, «The show must go on», lore sorta biltzen zuen lazoak. GARAn ez genuen eskelarik jarri, gurea, munduko kuadrilla hoberena izan arren, perfektua ez delako. Hala ere, lerro hauen bidez bermatu nahi nuke, lagunaren agurrak hemen ere leku bat izatea. Eta irakurlea galdua bada, lasai, pentsa dezala galdu duen gertuko norbaitengan eta egin dezala bat, hitzez egin daitekeen omenaldi xume honetan, azken paragrafoan, bakoitzak nahi dituen hitzak eta izenak bere moduan moldatuz.

Gaur ere irakurleek ez zidatek zipitzik ulertuko, baina berdin zaidak, gaurkoa osorik hiretzako duk, zutabe honetan erabiltzen saiatzen nauken ironia eta grazia, hire ondarea baituk. «Haundiya haiz» esan nian azkenekoz, eta segidan, «izugarri maite zaituztet», erantzun hidan. Gero, isilik joan egin hintzan, isiltasunera, Ionekin «azkena» hartzera. Une hartan, eten labur bat egin genian, behingoagatik serio hitz egiteko, baina halako momentu gogor batean ere, txantxetan irudikatzen diat, Harry Zikina imitatzen. Harry Biguna.

«¡Callahan! ¿Que haces aquí? Tú tienes otro destino. No tenía nada mejor que hacer. A parte que ya es mi hora». Betira arte Jexux. Eman goraintziak Ioni!