Urtzi URRUTIKOETXEA
TRUMPEN ETA MUSKEN ARTEKO HARREMANA

Amodio istorioaren amaiera

2024ko kanpainak, Donald Trump irabazleaz gain, beste protagonista bat izan zuen. Elon Musk, munduko pertsona aberatsena, Tesla auto konpainiaren jabea eta espazioko hainbat egitasmoren bultzatzailea. Duela hamaika hilabete, Trumpek Pennsylvanian atentatua jasan ostean, Muskek haren aldeko botoa eskatu zuen aurreneko aldiz.

(Kevin DIETSCH)

Elon Musk izan zen Trumpen hauteskunde kanpainaren finantzatzaile nagusia, eta presidente hautatuak leku berezia egin zion gero administrazioan. Zehazki, administraziotik kanpo zegoen postua sortu, eta haren efizientzia hobetzeko eta alferrikako gastuak murrizteko aitzakian, DOGE izeneko sail ez-ofiziala nahieran ibili zen agintaldi hasierako hilabeteetan Washingtongo bulegoetan. Behar bezalako agiririk gabe sartu ziren bulegoetan, funtzionario publikoak kaleratu zituzten, eta gehiago kanporatzeko ahalegina bultzatu zuten, lar progresistatzat jotzen duten ehunka mila langileko multzoa euren esanetara makurtzeko asmoz.

Konplizitate handiko harremanak hautsezina zirudien aurtengo neguan. Baina batek baino gehiagok iragarri zuten oso nortasun berezi eta hauskorra dutela bai Trumpek, bai Muskek. Bro kultura deitu dena irudikatuta ere, taldean lan egiteko gaitasun falta nabarmena dute biek, eta ez dute jasaten etengabe beraiek goraipatzea ez den ezer.

Hala, harremanean tirabirak zeudela aspaldi aipatu bada ere, azken astean egin du eztanda Muskek. Lau hilabetez «gobernuko enplegatu berezia» izan ostean, joan den astean utzi zuen administrazioa hegoafrikar handikiak. Besteak beste, Tesla konpainiaren gainbehera geldiarazi nahi du orain. Baina dagoeneko ardura ofizialik ez daukanez -lehengoa ere aski berezia izan arren, Kongresuaren onarpenik gabe ibili baita bulego federal gorenetan milioika herritarren datuak biltzen- urte luzez agertu izan duen jarrera petralari helduko dio ia ziur.

Are gehiago, hasi da dagoeneko kanpotik administrazioa egurtzen. Asteon bertan amorruz betetako mezua idatzi du X bere sare sozialean (behinolako Twitter, Muskek erosi, eraldatu eta Trumpen garaipenerako gakoetako bat bihurtu zena). Jopuntuan Donald Trumpek eskatu duen gastu masiborako legedia dauka. “Big beautiful bill” (lege handi eta ederra) neke handiz atera zuten aurrera joan den astean Ordezkarien Ganberan, Trumpek banan-banan errepublikano uzkurrei presio egin eta gero. Azkenean, errepublikano bakarrak bozkatu zuen kontra, baina demokratek erabateko diziplina agertu zuten. Ondorioz, legeak aurrera egin zuen, doi-doi, baina, Kongresuko behe-ganberako gehiengo errepublikanoa zeinen estua den agerian utziz.

Legeak zerga-murrizketa erraldoia onartzeaz bat, diru-sarreren jaitsiera hori berdintzeko sekulako haginkada ematen dio osasungintza publikoari. Milioika herritar babesik gabe geratuko dira.

Zuzenean ez bada, Medicare eta Medicaid-eko baldintzak zorroztutakoan egun mediku-asegurua duten 80 milioi lagunetako askok galduko dute eskubide hori. Errepublikanoek aspaldi bilatu zuten elementu bat jasotzen du: Medicaid-erako baldintzak betetzen dituzten pertsonetako gehienek hilabetean 80 orduko lana edo zerbitzu komunitarioa egin beharra.

Guztiz aurka dauden demokratekin batera, beste muturreko errepublikanoak ere aurka daude, legeak zorpetzea handitzea dakarrelako. Ordezkarien Ganberan lortu zuten legeak aurrera egitea, kostata izan arren. Azken egunotan, Trumpen profil publikoa askoz baxuagoa izan da, asteazkenean bere jarraitzaileentzako harrera egin bazuen ere Etxe Zurian, Senatuan aski lan daukalako errepublikano eskuindarrenen matxinadarekin.

Orain, gainera, Elon Musken bozgorailua daukate. Joan den asteartean, ez zuela «gehiago jasaten» esan ondoren, Trumpen zerga eta gastu lege-egitasmoari «izugarrikeria nazkagarria» (disgusting abomination) deitu zion Muskek. «Kongresuko gastu-lege erraldoi, lotsagarri eta txerrikeriaz betetako hau izugarrikeria nazkagarria da», esan zuen zehazki, eta behe-ganberan hura onartu zutenen aurka jo zuen: «Alde bozkatu zutenei: lotsagarria da, badakizue gaizki egin zenutela».

Etxe Zuriak garrantzia kendu nahi izan dio. «Presidenteak badaki zein iritzi duen Elon Muskek legeari buruz», esan zuen Karoline Leavitt bozeramaileak asteazkenean.

Baina ez da iritzi kontua soilik. Rand Paul senatariak are murrizketa gehiago eskatzen ditu beti; orain, Musken adierazpenek beste senatari batzuk ere hauspotu ditu.

Hain eskuinera ez dauden senatari batzuek kontrako bidea har dezakete, ordea; datorren urteko midterm hauteskundeetan estatu lehiatuenetan aulkiari eutsi nahi dioten senatariek badakite herritarren protestak hasiko direla aurki osasungintzan datozen murrizketen aurka.

Orain arte Trump zen 2026ko bozetarako akuilu nagusia; haren babesik gabe geratzearen beldur dira hautetsi errepublikanoak. Horrekin batera, baina, Musken sosak ere behar dituzte askok kanpainarako. Ikusi beharko da zenbaterainokoa den munduko pertsona aberatsaren amorrua, eta zein eragin daukan bere eskutik sortu den erregimenean.