Burugabekeriak
Errusian iritzi politikoari buruzko azken txosten demoskopikoan jada ez dira agertzen lehen etsai publiko gisa Estatu Batuak, ezta Ukraina ere, Alemania baizik. Emaitza zentzugabe hori funtsik gabeko iritzi arriskutsuek sortzen dituzten ideia aldrebesek eragindako egitate burugabeen ondorioa da. Errusiatik Alemaniara gasa eramaten zuen hodiaren aurkako erasoa, gehienetan «Nord Stream» gasbidearen aurkako eraso gisa ezagutzen dena, 2022ko irailaren 26an gertatu zen. Egun horretan, Itsaso Baltikoan, Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbideetan leherketak izan ziren, eta horrek bi hodi horiek kaltetu eta Errusiatik Alemaniara zuzenean gasa eramateko gaitasuna eten zuen.
Eraso hori sabotaje gisa ikertu zen hasieratik, eta hainbat herrialdek ikerketa zabalak abiatu eta berehala Errusia izendatu zuten errudun. Hala ere, egileak edo agintariak oraindik ofizialki identifikatu gabe badaude ere, egon badago frogarik erantzule zuzena nor izan zen jakiteko. Herrialde eta aditu askok errusiarren edo Mendebaldeko interesen inguruko hipotesiak aipatu dituzte, baina bi urte geroago pistek ez dute Kremlinera eramaten, Kievera, Washingtonera eta Varsoviara baizik. Izan ere, zertarako lehertu behar zuen Errusiak berea zen azpiegitura? Burugabe bezain absurdoa litzateke hori.
Absurdoaren adibide da literaturan Walter Shandy Laurence Sterneren “Tristram Shandy jaunaren bizitza eta iritziak” eleberriko pertsonaia. Tristramen aita zen, eta bereziki nabarmendu zitzaigun bere izaera zentzugabeagatik. Walter teoria orokorrei emana zegoen, eta bere bizitzako edozein gertakari txiki teorizatzeko joera obsesiboa zeukan. Edozein gertaera hutsal bere «Shandean Sistema» propioaren parte bihurtzen saiatzen zen, askotan burugabekeria mailara eramanez.
Walter Shandyren ideiak askotan absurdoak edo komikoak bilakatzen dira, bere gehiegizko teorizazioagatik. Adibidez, bere semea prakak janzten hasi zenean garrantzi handiko auzi intelektual bihurtzen zuen, eta horretarako autore klasikoak edo filosofoak aipatuz azterketa konplexuak egiten zituen.
Walter Shandyren ideien absurdotasuna da eleberriaren umorearen eta satiraren iturri nagusietako bat. Bere izaera, askotan, Ilustrazioko zientzia eta arrazoimenaren gehiegizko fidagarritasunaren parodia gisa ulertzen da, eta horrek eleberria komedia modernoko maisulan bihurtzen du.
Ideia bat «absurdotzat» jotzen denean normalean esan nahi du ez dela logika, zentzu komun edo errealitatearen mugen barruan sartzen, baina ideia bat aztertu gabe gauzatzen bada, ondorio ezusteko eta kaltegarriak sor daitezke. Adibidez, ingurumenean, teknologian eta gizartean aldaketa arriskutsuak ekar ditzake. Josujonek dioenaren kontra, ideologia gehiago behar da teknologia baino.
Dena den, batzuetan, ostera, ideia zentzugabeak ideologia edo propaganda gisa erabil daitezke jendea engainatzeko. Adibidez, teoria konspiratzaileak edo egiatzat hartzen diren gezurrak arriskutsuak izan daitezke gizarte demokratikoentzat.
Baina okerrena, agian, ideia absurdo batek zatiketa soziala eragin dezakeela izaten da, batez ere talde batek sinesten badu eta beste batek ez. Horrek polarizazioa handitu dezake eta elkarbizitza zaildu.
Hala eta guztiz ere, ideia zentzugabe baten kalte handiena da errealitate absurdo arriskutsu bihur daitekeela.
Gazara begiratzea, adibidez, eta pentsatzea hondakinetatik eta suntsipenetik luxuzko resort bat sor daitekeela oporretako paradisu batean, AEBko presidenteak etorkizunean Gazako Zerrenda imajinatzen duen bezala, hori astakeria zentzugabea da. Berak «Ekialde Hurbileko Riviera» izenez bataiatu zuen proiektu bat sortu izana ez da barregarria, kirtenkeria iraingarria baizik.
Basakeria absurdoan oinarritu ohi baita.

«Guretzat hip-hopa da gure historia kontatzeko erreminta egokiena»

Una familia de Errenteria, al borde del desahucio por confusión de nombres

Euskararen galera aldi baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzioak

¿La solución es que dimita Pedro Sánchez? «Talvez não»
