Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Santurtzik gorenera itzuli nahi duela erakutsi du Astilleron

KAE 1, KAE 2 eta ETE Ligak martxan jarri ziren atzo Astilleroko uretan. Itsasoko Amak denborarik onena ezarri zuen, aurreneko txandan aritu zen Zumaiaren aurretik. Zarautz izan zen ETE Ligako onena eta Hibaikak erakustaldia eman zuen KAE 2 Ligan.

Arraunaren elitearen gorenera iristeko aurreneko urratsa egin zuen atzo Santurtzik.
Arraunaren elitearen gorenera iristeko aurreneko urratsa egin zuen atzo Santurtzik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arraun denboraldia motorrak berotzen hasi da duela aste batzuetatik hona eta, hala, gizonezkoen KAE 1 eta KAE2 Ligak eta emakumeen ETE Ligan martxan jarri ziren atzo bertan Astilleroko uretan. Ez da ikusteko modurik entretenigarriena erlojuaren aurkako proba, baina behintzat aurreneko irabazleak ikusi ziren ur bare horietan.

Hala, KAE 1 Ligako aurreneko estropada honetan Santurtziko Itsasoko Amak bere legea ezarri zuen, aurreneko txandan joan den Zumaia gainditu eta gero, Eusko Label Ligara igotzeko hautagai serioa dela erakutsiz. Zumaia, Arkote eta Zarautz izango ditu ‘Sotera’ ontziak gaur eguerdian San Pedroko uretan, traineruak parez pare ikusteko aurreneko aukera zaleei eskainiz.

KAE 2 Ligan, berriz, Hibaikak sekulako egurra eman zien aurkariei, bigarren amaitu zuen Portugaleteri ia 23 segundoko aldea aterara. Sei ontzi baino ez dira izango «brontzezko liga» honetan, eta badirudi faborito argi batek branka sartu zuela atzoko erakustaldiaren ostean.

ETE Ligako estropadarekin hasi zen atzo eguerdiko saioa Astilleron bertan. Zarauzko ‘Enbata’ ontziak pronostikoak bete zituen, zalantzari inolako lekurik laga gabe. Nolanahi dela, San Juango ‘Batelerak’ ere txukun aritu ziren, eta bigarren amaitzeko ez zuten arazorik izan, zarauztarrengandik bi traineru pasatxora amaitu bazuten ere.

UR BAREETAN INDARTSU

Etorriko dira kaleen arteko aldeak, etorriko dira mareak gorantz edo beherantz egiten duela-eta mesedea eta kaltea gertatzen diren estropadak, edo olatuak harrapatzeko popareak. Guarnizoko Astilleroko Bandera ur bareetan jokatu zela, eta hor indarra, zorioneko wattak izan ziren nagusi. Ondorioz, fisikoki indartsuenak gailendu izan zirela esan genezake, nahiz eta bistakoa den arrauna, berdin aulki finkoan nola aulki mugikorrean, kirol oso teknikoa dela.

Zumaiak aurreneko txandan ezarri zuen denbora bikainaren erreferentziaren jakitun, Santurtzik aurreneko unetik jo zuen eta aldeak markatu zituen. Hauxe du bigarren urtea jarraian Itsasoko Amak KAE 1 Ligan, eta arraunaren historian halako leku berezia duen talde batek ez du onenengandik aparte luzaroan egon nahi. Iaz ‘Soterako’ arraunlariek hirugarren amaitu zuten Fase Erregularra eta arantza hori ateratzeko aurreneko ahalegina egin zuten atzo bertatik hasita.

Une oro erreferentziarik onenak markatu zituzten, eta azkenean ere Zumaiari hiru traineruko aldea atera zioten. Denboraldia hasi besterik ez da egin, noski, eta etorriko dira egun petralagoak ere, baina hasteko gauzak bere tokian jartzen asmatu zuten Itsasoko Amako arraunlariek.

Alde horretatik, txalogarria izan zen erreferentziarik gabe Zumaiak egin zuen lana. Lapurdiren eta San Pedroren lanak hobetzen joan ziren zumaiarrak, eta orotara bigarren denbora onena markatu zuten, Arkote, Zarautz eta maila oso txukuna eman zuen Astillero etxeko ontziaren aurretik. Alabaina, alde txikiagoa atera zuen Zumaiak bosgarrenarekiko, Santurtzik Zumaiarekiko baino. Aintzat hartzeko datua, batez ere ur bareetan jokatzen diren estropadei begira.

‘ENBATAK’ BEREA EGIN DU

Nahikari Osa Zarauzko ‘Enbataren’ patroiak jantzi zuen ETE Ligako liderrari dagokion maillota eta denboraldiko aurreneko bandera ere gustura asko astindu zuen. Astilleroko erlojuaren aurkako estropadan hasi eta buka trainerurik onena izan zen eta, hala, 11 minutuko langa bota zuen talde bakarra ere izatea lortu zuen, nahikoa tarte nabarmenarekin gainera, bi trainerutik gorako aldearekin geratu baitzen San Juan.

Era berean, hirugarren posturako lehia polita espero da Kaiku eta Ondarroaren artean ere. Atzo Sestaoko taldea nagusitu zen, baina Ondarroako ontzia 35 ehunenekora baino ez zen geratu.