MARIAJE LATZA
IRUÑEA

Papera eta txotxongiloak umeen gozagarri, erraldoien atsedenaldian

Colectivo Humo tuterar taldeak ipuin saio ederra eskaini zien erraldoien konpartsaren atsedenaldian gerturatu ziren haur, guraso zein aitona-amonei. Gaur San Jose plazan izango dira.

Colectivo Humo-ren ikuskizuna, atzo, San Frantzisko plazan.
Colectivo Humo-ren ikuskizuna, atzo, San Frantzisko plazan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Manuel Aliaga tuterarra urduri zebilen atzo: umeak zain zituen. Saioa 11.00etan hastekoa zen eta bera San Frantzisko plazan puntual zegoen eszenatokia eta ikuskizunerako behar zituenak antolatuta. Erraldoien konpartsaren atsedenaldian umeei zenbait ipuin kontatu behar zizkien, baina argindarraren kaleko kaxa itxita zegoen eta, argindarrik gabe, mikrofonorik ez. Azkenean, telefono dei batzuen ostean, udal langile batek kaxa ireki eta, hogei minutuko atzerapenarekin, Aliagak kontakizuna abiatu ahal izan zuen.

Ikusleek San Frantzisko plazako txoko bat bete zuen. Aurrez aurre, lurrean eserita, haurrak, eta inguruan, zutik, gurasoak, zuri garbiz jantzita eta atseden ederra hartu izanaren aurpegierarekin. Baita aitona-amonak ere, falta ziren gurasoen ordezko; asko atzoko egunean aje gordina sufritzen ari ziren eta. Edozein modutan, haurren momentua zen, baita Aliagarena berarena ere.

UMEAK, GUSTURA

Aliagak bere burua aurkeztu zuen, «titiritero y papiricuentero», ipuinak kontatzeko txotxongiloak eta papera baliatzen dituelako, eta, horrela, paperaren bidez, Berto familiaren istorioa kontatu zuen. Ipuinaren amaiera haurrei aukeratzen utzi zien.

Bigarren ipuina gaztandegi bat duen Mosquete jaunari buruzkoa zen; hirugarrena, hiru txerritxoen aldaera original bat, eta azkena, txotxongiloekin, “Loperucita eta caperulobo”. Izenburuak dena esaten du. Amaieran, umeek otsoa, Txanogorritxo eta beste laztantzera hurbildu ziren.

BIZITZA OSOA IPUINAK KONTATZEN

Aliagari sanferminetan ikuskizunak ematen zenbat urte daramatzan galdetuta, ez zuen erantzuten jakin. «Bizitza osoa». Duela 42 urte hasi zen eta, geroztik, askotan izan da Iruñeko jaietan.

Gaur erraldoien konpartsak Salsipuedesen hartuko du atseden, eta Colectivo Humo tuterarrak han izango dira 11.00etan beste ikuskizun bat eskaintzen, “Mingo, el gigante” izenekoa. Plan ona umeentzat; helduen bermuta aguantatu edo lehen lerroan ordu erdiz itxaroten izatea baino hobea. Eta, dagokionari: mesedez, Aliaga gizajoak argindarraren armairua 11.00k baino lehen irekita izan dezala.