Juntsek ez du finantzaketa ereduaren ituna babestuko

Jordi Turull JxCat-eko idazkari nagusiak atzo adierazi zuen bere alderdiak ez duela Generalitatearen eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordearen bileran Kataluniarako adostutako finantzaketa eredua babestuko, «adarjotzea» dela uste baitu. «PSCk PSOE gogaitzen duen ezer egingo ez duela agerian uzten duen paradigma» dela esan zuen.
Hala azaldu zuen TV3 telebista kateari egindako adierazpenetan, Gobernu espainolak eta Generalitateak finantzaketa eredu “berezi” berriaren egitura adostu ostean. Horren arabera, Kataluniak zerga guztiak bilduko lituzke, eta zati bat Estatuari transferituko lioke. Beste erkidego batzuetara orokortu daitekeen eskema bat omen da, epeak eta zifrak oraindik zehaztu gabe dituena.
Turullen aburuz, Aldebiko Batzordean adostutakoa «aldatu nahi zena betikotzea baino ez da». «Kafea guztiontzat delakoaren finkatzea dakarrela» esan zuen, eta alderdi independentistak horren aurka daudela gaineratu.
Generalitateak eta Gobernu espainolak sinatutako dokumentuak «ez du finantzaketaren arloan aldatu nahi zen ezer konpontzen», eta «ERCk PSCrekin orain dela ia urtebete inbestidura itunarekin iragarri zuen kontzertu ekonomiko solidarioari buruz esandakoari ez dio erantzuten».
KONGRESUAN BABESIK EZ
Horregatik guztiagatik, Turullek ohartarazi zuen dokumentu hori Kongresuan bozkatzen den ekimen legegile bihurtzen bada, JxCateko zazpi diputatuek ez diotela babesik emango. «Astelehenean hitzartutako hau Diputatuen Kongresuan sartu eta bozkatu behar den papera bada, ezin izango dugu inolaz ere babestu», iragarri zuen.
Are gehiago, Turullek azpimarratu zuenez, PSCrekin finantzaketa berezia sinatu zuen ERCri ere ez zaio gustatu astelehenean Aldebiko Batzordean lortutako akordioa.
Horiek hala, Kongresuan independentismoak duen indarra aprobetxatzeko eskatu zuen, «asebeteko gaituen akordio bat lortu eta adabakiekin» ez konformatzeko.
Carles Puigdemont Juntseko buruak ere Gobernu espainolaren eta Generalitatearen arteko Aldebiko Batzordearen itunaz hitz egin zuen, eta, noski, Turullen ildo beretik modu kritikoan baloratu zuen, «berezia dena orokortu» nahi duelako. «Berezia dena orokortzeko asmoak, hain zuzen ere berezia izateari utz diezaion, benetako asmoei buruz arrastoren bat eman beharko luke», adierazi zuen Europa Pressek jasotako ohar batean.
CUPEK ERE AKORDIOA KRITIKATU DU
Juntsek bakarrik ez, CUPek ere kritika zorrotza egin zion aldebiko batzordeak hitzartutakoari. Pilar Castillejo diputatu independentistak kritikatu zuen Kataluniaren finantzaketa eredu berria ez dela ez berezia ez nahikoa izango, eta berak ere adierazi zuen CUPentzat akordio hori «beste adarjotze bat» dela, «PSCren ezinbesteko konplizitatearekin» egindakoa.
«Argi geratu da, halaber, ez dugula subiranotasun fiskalaz edo ekonomikoaz hitz egiten, ezingo ditugulako gure baliabide guztiak eskuratu, ezta nola bildu edo birbanatu erabaki ere», adierazi zuen Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldian.
«Gure buruari egiten diogun galdera da ea ERC noiz arte dagoen honi eusteko prest, adarjotze hau ez baitzaio alderdi bati bakarrik egiten, herrialde osoari baizik», nabarmendu zuen CUPeko ordezkariak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
