Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Teilan idatzia

Oporraldi nagusiaren atarian, albisteak albiste, berriak eta zaharrak. Irteera operazioa! Bai, baina oraindik presoak preso, tantaka kaleratu arren. Eusten segitu behar, graduak bulegoetako ilaran geldi gera ez daitezen. Helduera operazioa ere, marmoka portugesak hondartzetara etorrita. Ulertzen ez dudana da zergatik bandera gorria jartzen duten kostako foru aldundiek. Akaso marmokek jakin behar dute, berez, mastaren gorria ikusita ezin dutela hurbildu? Ama, ama! Total, sasoi honetan hondartzak jendez lepo, are gehiago marea goran; ondoko aparkalekuak ez beste lepo, hala ere. Eta bitartean, berriz ere, hareak eguzkitan egoteko berezkoa duen eskubidea guztiz zapalduta!

Eta hemen sasoikoa, jazzaldiak nonahi. Gazan jazarraldiak, urtaro guztietan, egunez eta gauez. Jatetxea zer den ahaztuta duten zerrendan, sabela zertarako den ez dakiten haurren hondamendian, paella txapelketa egiteko eskubidea nazioartean noiz onartuko dieten zain. Odolak su gabe diraki. Jaiak nonahi; hemen, jakina. Berakatz buruak salgai ikusi ditut, hiri bateko jai nagusien bezperan. Zerbait uxatzeko balioa izango balute sikiera! Are gehiago, norbaitzuk betiko uxatzeko balioa izatekotan, kargamentu ezin handiagoa bidali beharko genuke hango zerrendara. Bai, badakit, atean eskegitzen ohi dira berakatzak, eta hango etxeek ez dutela jada aterik; eta badakit, ateren bat zutunik geratzen bada ere, ez duela etxerik atzean. Baina bidaliko, hala eta guztiz ere! Demonio!

Eta prentsara begira, uharte bihurtu duten Zorrotzaurren parke teknologikoa eraikitzen hasiko direla leitu dut, ekosistema industriala izateko asmoz. Ama, ama! Hitzak edukiez desjabetzen ari dira! Benetako uhartea den Izarotik teila bota zuten lehengoan, Palestinaren aldeko mezua idatzita. Itsas korronteek euren lana egin bezate!