GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
BRING HER BACK

Doluaren zoko ilunenean

Andy (Billy Barratt) eta Piper (Sora Wong), filmeko eszena batean .
Andy (Billy Barratt) eta Piper (Sora Wong), filmeko eszena batean . (A24)

Talk to Me” (2022) filmaren arrakastaren ostean, Philippou anaiak zinta are ilunago eta emozionalki suntsitzaileago batekin itzuli dira: “Bring Her Back” (“Devuélvemela”, gazteleraz).

Andy (Billy Barratt) eta Piper (Sora Wong) neba-arreben istorioa kontatzen du filmak. Aitaren heriotza misteriotsuaren ondoren, Laura (Sally Hawkins) izeneko emakume enigmatiko batek adoptatuko ditu; hildako alaba itzultzeko edozer egiteko prest dago Laura. Oliver (Jonah Wren Phillips) izeneko mutiko mutuaren presentziak ezinegon eta arrisku geruza bat gehituko dio narrazioari. Filma dueluaren zokorik ilunenetan kokatuko da. Galerak ilundutako familia-drama gisa hasten da filma, baina berehala bihurtzen da beldurrezko kontakizun bortitz eta aztoragarria, atmosfera itogarri batean barrena.

Philippou anaiek, beren opera primarekin, frogatua zuten beldurra eragiteko gaitasun handia dutela, baina oraingoan erronka nagusia izuaren elementuak eta alderdi hunkigarriak orekatzea zen. «Film honek energia desberdina izatea nahi genuen; pertsonaiengana iristen ari den elur-bola baten antzekoa izatea», azaldu dute zuzendariek. «Bitxia bada ere, hori ia gure instintuen aurkakoa da, gure Youtubeko bideoetan dena ‘boom, boom, boom, boom’ izaten baitzen. Pertsonaietan eta interpretazioetan sakontzea gauza berria izan da guretzat», gaineratu dute.

PHILIPPOU ANAIAK

Danny Philippou eta Michael Philippou ‘‘RackaRacka’’ izenarekin ezagunak dira Interneten; izan ere, beraien ibilbidea komedia eta akzio bideoak sortuz hasi zuten Youtuben, non beren kanalak 6,8 milioi harpidedun baino gehiago eta mila milioi ikustaldi baino gehiago dituen.

Youtuben izandako arrakastari esker, zinemara jauzi egin zuten. 2023an debutatu zuten zuzendari gisa “Talk to Me” naturaz gaindiko beldurrezko filmarekin, A24 ekoiztetxeak ekoitzitakoarekin. Filmak kritikaren harrera bikaina izan zuen, Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen eta zinema-aretoetan arrakasta handia izan zuen.