Ertzaintza kritikatu ezin denean
Udako opor garaian bete-betean murgildurik gauden honetan, beste urte askotan bezala, albiste guztien erdigune bihurtu da Ertzaintza. Hernani, Azpeiti eta Gasteizkoak izan dira ezagunenak eta hiruretan polizia horren jarrera kritikatua izan da. Lehenean, etorkinen ehizan aritu ziren herritar batzuen aurka oldartu ordez, liskarra ekiditen saiatu ziren herriko gazte konprometituak jipoitu zituztelako; bigarrenean, Nagore Alkorta alkateak salatu zuenez, Ertzaintzaren jarrera desegokia izan zelako; eta Gasteizen, berriz, modu baketsuan protestan ari ziren gazteak oso gaizki tratatuak izan zirelako. Ondoren etorri ziren Barne kontseilaria eta Ertzaintzaren aurkako itxuragabeko pintadak, berehala ezabatuak Hernaniko alkatearen aginduari esker.
Gertaera horietako guztietako batean soilik egin zituen EH Bilduk adierazpenak, Azpeitiko alkateak, alegia, bere ustez Ertzaintzaren jarrera ez zela egokia izan esanez. Eta ondoren, mugimendu politiko horrek ohar bat bidali zuen prentsara, indar polizial horri buruzko eztabaida publikoa eskatuz, zinez polizia demokratikoa izan dadin. Ezker abertzaleak ez du zerikusirik izan kale istilu horiekin. Areago, ez du erantzun ere egin bere aurka esandako guztiaren aurrean.
Hala ere, EAJko buruzagitza guztia egunero eta komunikabide guztietan gure aurka kritika larriak egiten aritu da: herriak eraikitako erakundeak mespretxatzen ditugula, instituzioak ez ditugula errespetatzen, ez garela gobernatzeko gai, indarkeria babesten ari garela, eta oro har istilu horien guztien arduradun egin gaituzte; Espainiako Estatuan modan dagoen politika estiloa beren eginez, gau eta egun EH Bilduren eta ezker abertzalearen aurka neurri gabe aritu dira. Oso adierazgarria da besteen kritika politikoa onartzen ez duen alderdiak beste batzuk lasai ederrean larrutzea, egia ez diren aitzakiak erabiliz, gainera. EH Bildu ez da sartu zitalkeria horietan eta isilik geratzea erabaki du. Jarrera egokia, zinez.
Ohituta gaude zenbait komunikabidek “eztabaida populistak” sortu eta hedatzeko uda nola aprobetxatzen duten ikusten. Lehen ETA bezala, orain Ertzaintza da orrialdeak betetzeko eta aldi berean gizartearen benetako arazoak ezkutatzeko gaia. Herrietako jaien inguruan sortzen diren istiluak bideratu ordez handitzeko joera ez da ulergarria. Horregatik da kezkagarria EAJko agintari gorenak modu horretan erabiltzea Ertzaintzaren gaia eta jai giroan sortzen diren eztabaida edo liskarrak.
Kezkagarria, lehenik, poliziaren eredua eztabaidatzea nola edo hala saihestu nahian dabiltzalako. Herritar asko daudela interesaturik ikusi arren; horien artean, beraien militanteak ere bai. Zeri diote beldur, eztabaida zintzo eta leialari? Oso kezkagarria da ere inoiz ez ausartzea Ertzaintzari kontuak eskatzera. Edozer gauza gertatzen delarik ere, beti da besteen errua, inoiz ez dute onartzen beren akatsik. Eta susmagarri bilakatzen da, nola ez, instituzio eta alderdi politiko batzuek jai herritarren inguruan sortzen duten alarma egoera. Herritarren iniziatiba itotzeko ere polizia erabiltzea ez da hura defendatzeko modurik egokiena.
Ertzaintza defendatzeko modu zuzenena jokaera demokratikoa bermatu eta kasu guztietan gardentasuna zaintzean datza, eta horretarako ikertu egin behar dira duda-mudazko gertaerak. Baina orain zer gertatzen ari da? 1993an Juan Calvo komisarian hil zen eta ez zuten onartu ikerketa sakonik. Cabacasena ere inoiz ez zen ikertu nahi izan serioski. Azkenengo urteetan egon diren beste hainbat zauritu ere ilunpean gelditzen ari dira. Kasu larrien aurrean Barne Sailak hitzematen du ikertuko direla, baina gero ez dago ondoriorik. Badirudi beraiekiko menpekotasuna ontzat ematen dela eta hori ez da onargarria. Demokraziak ezin ditu onartu poliziaren menpe dauden politikariak; akats larria litzateke.
Ezker abertzaleak ez du arazo berezirik Ertzaintzarekin. Ertzaintzak dauka arazo larria herri honetako sektore dinamiko askorekin, guztiekin ez esateagatik, eta bereziki gazteriarekin. Ertzaintza behin eta berriz kritikatu izan dute borrokan diharduten langile kolektibo askok; beste batzuek, etorkinekin izandako jarrera bortitzagatik; euskaraz bizi nahi duten euskaldun asko Ertzaintzak irainduak eta mespretxatuak sentitu dira; eta, oro har, mota guztietako gazteak kriminalizatuta eta gazte izateagatik modu batera edo bestera seinalatuta sentitzen ari dira.
Ez da nire iritzia. Galdetu gizarteari. Ertzaintzaren izen ona beraren jarreran datza. Ez dago gure esku. Herriaren zerbitzura dago eta zerbitzu hori ongi betetzen duen heinean, errespetatua izango da. Euskara gorrotatzen badute, gure herriaren burujabetza mespretxatu edo sektore dinamikoenak kriminalizatzen badituzte, polizia arrotz gisara jokatuz, berdin tratatuak izango dira. Bingen Zupiria jauna, Ertzaintza kritikatu ezin denean demokrazia ez dago osasuntsu. Berandu baino lehen, emaiozu bidea eztabaida lasaiari, mugimendu politiko eta sindikalei zein herri eragileei zabalik. Herriak eskertuko dizu.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
