Josu JIMENEZ MAIA
Poeta
KOLABORAZIOA

Jose Luis Allo Falces, «in memoriam»

Jose Luis Allo Falces zena ezagutu dut nik. Minaz eta doluminaz landarat, hasieratik beretik aitortzen dut ez naizela beti berarekin ados izan eta liskarren bat edo beste ere izan dugula. Nolanahi, erdarazko poesiari emana bizi izan den gizon preziatu bat joan zaigu.

Aspaldi ezagutu nuen, duela urte andana ederra. Ile luzea, zapia lepoan eta betaurreko biribilak, begi-lagunak jantzita aldarrikatzen zuen poesia bizi zuela. Faurecian lanean aritzen zen bitartean poesia buruan zebilkiola aitortu zidan behin.

Mende honen hasieran Aspaldiku izeneko proiektuan elkarrekin aritu ginen, Consuelo Allue, Josu Calvo, Juankar Lopez-Mugartza, Peio Etxarri eta beste zenbaitekin. Gero, Ateneo Navarro/Nafar Ateneoan elkarrekin lan eginez bilera anitz -ez beti xamurrak- eman genituen elkarrekin. Bere poemaren bat ea euskaratuko niokeen esan zidan behin, baina nago esan zidala ni kontent egoteagatik eta ez bere nahimenagatik. Nolanahi ere, berak proposatu zidan estreinakoz poemaren bat bidaltzeko “Constantes Vitales” aldizkarira. Orobat, aitor dezadan politikoki antipodetan geundela eta, halarik ere, jakin badakit elkarren lagun ginela.

Hala frogatu zidan elkar ikusi genuen azkenekoan, Sorian, bera “karramarroaren” kontrako tratamendua hartzera Madrildik zetorrela eta ni harantz nindoala. Errepide ondoko kafetegira sartu nintzelarik ikusi eta -zapia buruan zeramala- kostatu zitzaidan hasieran ezagutzea. Solasean hasi eta eskertu egin zidan iazko Iruña poesia sariaren alea helarazi niola Peio Etxarriren bidez. Hark lan handia egin zuen sariketa hori sortzeko eta orain batzuk ez ziren oroitu ale bat emateaz ere... Ez dut ukatuko arrangura izpi bat antzeman nuela haren begiradan, begi-lagunek estaltzerik ez zutena. Eskertu zidan detailea eta zorte ona opatu nion.

Orain karramarroak betiko eraman duelarik, pentsatu nahi dut bere poesiak hor jarraitzen duela. Betiereko poesiari bizitza eman diola erran dut lehenago, osoki eman ere. Betaurreko biribilak jantzita dabilen norbait ikusi ahala, Jose Luis Allo datorkit burura. Bizitza zer den, poesia zer den: hain ezberdinak izanik ere, poesiak batu eta lagun bihurtu gintuen. Haren “De la ceniza y otros bienes perecederos” liburutik hartutako poema bat euskaratzeari ekin diot.

bertso bat

lotan eta zain dagoen

musu bat da

noiz esnatuko zain

(un verso/ es un beso/ dormido que espera/ despertar. “De la ceniza y otros bienes perecederos”, Milagroko Udala, 2009”).

Aintza eta ohore Jose Luis Allo poeta eta lagunari.