Sorosleak erne eta bainulariak informazio eske
Azken egunotan Donostiako hondartzetan karabela portugesak ugaritu izanak kezka handia sortu du bainuzaleen artean. Sorosleek jakinarazi dutenez, topatzen dituzten karabelak nagusiki «txikiak edo ertainak» dira. Hondartzetan Udalaren eta sorosleen aginduei jarraitzeko gomendatu dute, denon segurtasunerako.

Azken asteetan Donostiako hondartzetan karabela portugesak agertu izanak tentsioa sortu du eta joan den astelehenean Udalak hondartzetako protokoloa egokitu eta zabaldu zuen: Kontxan atzemandako 20 zentimetroko karabela handiak 15 baino gutxiago badira, bandera horia eta medusen bandera jarriko dituzte; eta Zurriolan eta Ondarretan, 10 baino gutxiago izanez gero.
Kontxako bainulari batek NAIZi hau adierazi dio: «Kontua da jendea jakinaren gainean egotea, eta ez nago ziur hala den». Azken egunetako ziztada gehien-gehienak arinak izan direnez, hondartzak ez dira itxi eta agintariek lasaitasun mezua helarazi dute.
Karabela portugesak ez dira medusak, herritar askok uste dutenaren kontra: zenbait organismok osaturiko kolonia bat dira, eta ‘‘fragata portugesa’’ izenez ere ezagutzen dira. Haizearen bidez mugitzeko erabil dezaketen ‘‘bela’’ bat dute bereizgarri. Horrez gain, tentakulu erremingarri luzeak dituzte, eta horiek ur azpian larruazala ukitzean mina eta narritadura eragiten dute.
Ondarreta hondartzako bainulari baten iritziz, «garrantzitsuena jendea informatua egotea da, gero norberak erabaki dezan arriskua hartu nahi duen ala ez». Bere ustez, askatasun horren baitan, jendeak bainatzeko eskubidea izan behar du, baldin eta arriskuaz jakitun bada. Kontxako beste bainulari batek honakoa esan du: «Albisteak ikusita, mordoa aurkitzea espero genuen, baina ez dugu bat bera ere ikusi. Egia da arauak behar direla, baina 15 aurkitu arte bainua debekatzea agian gehiegizkoa iruditzen zait», adierazi du harridura puntu batekin.
PROTOKOLO MALGUAGOA
Ondarreta hondartzako arduradun Gonzalo Berzosak onartu du aurtengo uda «apur bat korapilatsua» izaten ari dela karabela portugesen auziarekin. Azken alea astelehenean 11.00ak aldera izan zutela jakinarazi zuen atzo NAIZi adierazpenok egitean: «Ziztada arin bat izan zen Ondarretako Tenis inguruan; biktimari tentakulu batzuk kendu genizkion, ur gaziz garbitu, eta eguzkiaren eragina saihesteko estali». Asteburuan zehar, aldiz, ziztada ugari izan zen.
Berzosak azaldu du protokolo berriak malgutasun handiagoa ematen diela hondartzako langileei, banderak eta seinaleztapena egunero benetako egoerara egokituz.
Norbait tentakulu batek ukituz gero, lehenengo urratsa sorospen postura joatea da. Bertan, bainulariari ur gaziz edo serum fisiologikoarekin garbituko diote eragindako gunea eta, kasu batzuetan, bero lokala jarriz mina gutxitzen saiatuko dira. Ez da komeni ur geza erabiltzea.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
