A. G.
ALAVES

Mariano: «Nire burua aldarrikatu nahi dut»

Mariano Diaz, aurkezpenean.
Mariano Diaz, aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Mariano Diaz Alaveseko jokalari berriak atzoko bere aurkezpenean adierazi zuenez, bere burua «aldarrikatu» nahi du Gasteizen.

Eduardo “Chacho” Coudet entrenatzaile argentinarra konbentzitu du futbolari espainiar-dominikarrak denboraldiaurre honetan eta, hala, datozen bi denboraldietarako kontratua sinatu du. Ondorioz, Alaveseko aurrelarien hirukotea osatuko du Asier Villalibre eta Toni Martinezekin batera. Nolanahi ere, Sergio Fernandez kirol zuzendariak ez du baztertu irteeraren bat egon litekeela, Gernikako “Bufaloa” taldetik ateratzeko zorian omen dago-eta.

«Maila bikainean daude nire taldekideak, eta bietako edozeinekin joka dezaket», adierazi zuen Mariano Diazek, Real Madrileko harrobian hazitako 32 urteko aurrelariak. Taldekideen eta teknikarien aldetik izan duen harrera ere eskertu zuen, eta «oso pozik» agertu zen, oro har.

Jokalariak azpimarratu zuenez, Sergio Fernandez kirol zuzendariarekin aspalditik duen adiskidetasunak asko lagundu zion. «Eragin handia izan du», esan zuen Olympique Lyon eta Sevillako futbolari ohiak. Azken hilabeteetan lesioen erruz jokatu ez duen arren, «egunero lanean eta entrenatzen» aritu omen da, bere benetako maila erakutsi ahal izateko.

«Alavesen egon nahi dut; pozik nago. Familia bat da», azpimarratu zuen futbolariak, Gasteizera «gauza oso onak egin ahal izateko ilusio handiz» iritsi dela gaineratuta.

PARTIDA EGUNA

Denboraldiaurreak aurrera jarraitzen du eta Lehen Mailako lau euskal taldeek jokatu beharko dute gaur.

Realak hitzordu bikoitza izango du Andoni Iraolaren Bournemouth-en aurka: 12.15ean eta 17.15ean Vitality Stadium-ean. Duje Caleta-Car eta Gonçalo Guedes ikusteko aukera izango da. Ingalaterratik atera gabe, Athleticek Mikel Artetaren Arsenal izango du aurkari 18.00etan.

Osasunak 45 minutuko hiru zati jokatuko ditu Friburgoren aurka, alemaniarren etxean. Alavesek, berriz, Ipuruan 19.00etan Eibarren aurka jokatuko du.