Marta Lopez: «Esne gordinarekin ari gara lanean»

Bizitzak ematen dituen kolpe horietako batean, aita eta osaba galdu zituen Marta Perez Loperenak, eta etxera itzultzea erabaki zuen, artzain eta gaztagile lanari heltzea. Bere senarra ere, Carlos Caballero, kanpoko lana utzi eta abentura berrian sartu zen, Egozkue herrian. Ez dira damutu. Etxean artaldea izanda, ardi erosten hasi beharrik ez zuten izan. Latxa mutur beltzekin egiten du lana Perezek, amaren familiak ere beti mota horretako ardiak izan ditu eta. Gazta egiten ere amak erakutsita ikasi zuen: hark etxerako egiten zuen gazta, pieza gutxi batzuk alegia, baina alabak eta suhiak lanbide bihurtu zuten gaztagintza. Etxean oinarrizkoak ikasita, kanpoan ikastaroak eginez eta beste artzain batzuen laguntzarekin osatu zuten formazioa.
Hasieratik dago “Loperena gazta” Idiazabal jatorri izendapenean, baita Artzai Gazta elkartean ere. Gazta naturala eta ketua egiten dute, betikoa, eta etxeko artaldearen esnea bakarrik erabilita. Asko azpimarratzen du Perezek artzain gazta ez dela jangai soil bat, atzetik historia, tradizioa eta izaera jakin bat dagoela, artzainen lanean islatzen dena. Tokian tokiko ezaugarriak ditu tradizio horrek; esate baterako, Iruñeko iparralde honetan ez da egon gazta ketua kontsumitzeko ohiturarik. Perezek esan moduan, esne gordinarekin lan egiteak esan nahi du zerbait biziarekin ari zarela lanean, ondo zaindu beharrekoa prozesu guztian, azkenean produktu paregabea lortuko bada. Ohiturak ere aldatu egiten dira, nahiz eta oraindik ere askoz gehiago egin naturala ketua baino, etxera erostera etortzen zaizkien turisten artean, eta hainbat feriatan ere bai, ketuaren eskariak nabarmen egin du gora. Bezeroekin oso harreman gertukoa daukate Loperenan, asko etxean bertan saltzen baitute, edo inguruko denda eta azoka jakin batzuetan. «Merkaturatze zirkuitu motza erabiltzen dugu, gaztandegitik bezeroarengana bidaia laburra egiten du Loperenak. Hurbileko denda, harategi eta jatetxeetan topatuko duzu gure gazta», diosku Perezek.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
