Josu IRAETA
Idazlea
KOLABORAZIOA

Euskara, oldartu zaitez

Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekin erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, herri honetako euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra piztu zituzten. Eguneroko esperientziaren egoera larriak ardatz bilakaturik, «zerbait egin beharra» zegoela alegia.

Oztopo ugari tartean, debeku legalaz gain, euskaldun askok bere hizkuntzarekiko mespretxuak neurri handi batean barneraturik, baita bitarteko urriak eta prestakuntza tekniko eskasa izan arren, herri osoaren etsaia zen frankismoari aurre egin zion eta euskararen aldeko borroka piztu zen.

Euskara hizkuntza nagusia bilakatu beharra zegoen, eta herri osoarena zen ondarea herri osoaren esku jarri beharra zegoen, euskaraz biziko zen Euskal Herria osatuz.

Atzera begiraturik ikusten dugunarekin zintzo izanik, esan beharra dago neurriz kanpoko konfiantza azaldu genuela gure indarretan, bakoitzak bere ikuspegiaren arabera. Batzuek berriki eskuraturiko «autonomian», Estatutuari bai esanik dena konponduko zelakoan. Besteek, berriz, herri mugimenduen ahalmenak horren ukazioaren arrazoia erakutsiko zuelakoan.

Gai honetaz argitu nahi nuke berdindu ezin daitezkeela maila eta izaera desberdineko arazoak. Beraz, denok akatsak izan ditugula esateak ez gaitu eraman behar erantzukizun guztiak parekatzera.

Berriro hariari helduz eta nahiz Lakuako bulegoetan sekula ez gustukoa izan, herri ekimenaren jarrera tinkoa izan da, eta da, euskarak emandako aurrerapauso guztien akuilua. Baina herri ekimena ez da aldarrikapen lanetara mugatu, etengabe euskaraz bizitzeko aukera berriak sortzeari ekin baitio.

Horretarako, batzuetan ezagutza bideratzen duten tresnak abian jarri eta horien defentsa eta garapen etengabean aritu da. Baita euskara erabiltzea posible egiten duten hedabideak sortu ere, kultur ekimenak sostengatu, antolatu eta abar.

Hanka sartze epelak ere egin izan dira; nire ustez potoloena, hau: euskaraz bizitzeak sortzen duen indarra eta batze ahalmena gutxietsiz, euskararen aldeko posizio ideologikoari gehiegizko garrantzia eman izana.

Baina bide anker honek etsai asko ditu. Zoritxarrez, aspaldian ematen ari den iruzur juridiko-politikoaz baliatuz, esan beharra dago ozenki euskararen sustapenaren aldekoak baino aurkako jarduera instituzionalak ugariagoak direla gaur egun Euskal Herrian. Eta ez soilik bat edo beste gobernuaren aldetik, Euskal Herria zatikatu eta banaturik duten bi estatuen aparatuen aldetik baizik. Hau begi bistakoa izanik, askotan ez ikusia egiten zaion gertakizun garrantzitsua da. Zergatik ote?

Baina euskararen sustapenerako «nolabaiteko» ardura hartu duten instituzioen jokabidea da, gaur egun baztertu ezina. Administrazio autonomiko horien (Iruñea-Gasteiz) arduradunek euskalduntze lanaren gidaritza, euskaldungoak urteetako lanari esker sorturiko indar sozial antolatu oro, etsaitzat hartzen dute.

Ondorioz, bide bikoitza ireki dute: beraiek aukeratutakoaren kontrol estua eskuratzea edo, ezin izanez gero, zigorra. Euskara itotzeko ahalegin honen ondorioak erabat gaiztoak dira gure hizkuntzarentzat, batez ere jarrera erasotzaile hauen bultzatzaileak agintean jarraitzen badute.

Arrazoi garbia benetan da politikoa, instituzioetatik at garatutako ekimen guztiak marka politiko zehatzaren jabe bilakatu dituzte, horretarako propio sortutako mezu gezurti bezain pozoitsua errepikatuz.

Baina gezurra behin eta berriro errepikatuz, ez da beti egia bilakatzen. Hona hemen nola berrogei urte luzez euskara politizatzen dugula entzun arren, gaur egun, aski den Bizkaia Telebistako berriak entzutea euskara politikoki nortzuk erabiltzen duten jakiteko. Ez da gehiagoren beharrik.

Inork ezin dezake kolokan jarri herri ekimenak asko egin duela, baina, hala ere, nahikorik ez, eta nekez egin daiteke gehiago neurriko tresnarik ez bada. Eta, nahiz orain arte egindakoaren garrantzia onartu beharra dagoen, ezin uka daiteke euskaldunon jokabide praktikoak baldintzatuko duela gure hizkuntzaren etorkizuna. Nire ustez, euskara berreskuratzeko sortu daitezkeen lege berrietara eta bere artikuluetara mugatzea okerra izateaz gain, euskaldun eta erdaldunengan egungo egoerarekiko duten erantzukizuna ahultzea litzateke.

Argi dago praktikak izan beharko duela kontzientziaren eragilea. Kontzientzia hedatzeak behar du izan praktika berri baten sostengua.

Legea-errealitatea dikotomia hori gaindituz, elkarri eragingo dioten katea sortu behar dela uste dut, gaur egun euskarak ez duen etorkizuna bermatzeko.

Babes legalaren kontuan gero eta larriagoa da egoera, larritzen ari da. Euskal Herriko Iparraldean ia ezagutzarik gabe eta Hegoaldean gero eta gehiago diskriminaturik.

Agian denbora eskaserako nagusi direla jakinik, lasterka dabiltza, nola edo hala, beraien arbasoen ametsak bete nahian. Horrelakoak dira milioika espainiar demokrata.

Euskal hiztunen jarrerak baldintzatuko du euskararen etorkizuna.