Maskulinitate heteropatriarkalaren itzalean

Sergio (Mario Casas) Utrechtera joango da anaiarekin eta lagunekin, futbol partida bat ikustera. Bartzelonara bueltatuko dituen hegaldia hartu aurretik, izuak jota, Herbehereetan geratzea erabakiko du. Etxekoei azalpen logikorik eman ezinik, iraganarekiko kontaktua moztea irudituko zaio irtenbide bakarra. Une horretatik aurrera, dirurik gabe, etxerik gabe eta tokiko hizkuntza hitz egin gabe biziraun beharko du. Zer gertatzen zaion apurka-apurka deskubrituko dugu, dosi txikietan, eta une oro sotiltasuna nagusituz.
Futbolak ez du istorioan eragin handirik, baina baliagarria da maskulinitate heteropatriarkalaren erretratu txiki bat egiteko, baita pertsonaia galdu baten irudia marrazteko ere. Ingurune horretan, inork ezagutzen ez duen lekuan, hasiko baita ulertzen bere identitatearen oinarri den maskulinitate mota hori ez dela berea. Testosteronaz beteriko giro homofobiko batean hazia da, eta haren ukazioaren ispilua da film osoa futbol taldearen txandala jantzita igarotzea.
“Molt lluny” (“Muy Lejos”, gazteleraz) lehen planotik liluratzen duen lana da. Gerard Omsek narratiba sakon eta hunkigarria eraiki du, eta intimoaren eta bisualki poetikoaren arteko oreka perfektua lortu. Eszenaratze soil baina oroitarazleak erabiliz, pertsonaien garapena sotiltasunez laguntzen du, bere barne-munduan urrats txiki baina sakonak eginez.
Mario Casasek lan bikaina egin du. Bere antzezpena oso neurtua dago, detaile txikiz josia, eta ez da inongo momentutan gehiegikeriaren eremuan erortzen.
Hiriaren tristura, hoztasuna eta bakardadea transmititzeko, kolore grisez eta itzaliz bustia dago guztia. Estetika guztiz bat dator istorioaren mamiarekin eta, batez ere, protagonistaren barne gatazkarekin.
Film intimoa, sotila, pertsonala eta sentsiblea da. Ederra.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
