Jon ALEMAN ASTITZ
Euskaltzaleen Foroa
KOLABORAZIOA

Supremazismo espainiarraren «kontsentsu linguistikoa»

Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa. Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, «hooligan» samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken-aurreko lagina Santi Martinezena dugu, Euskal Herriko sindikatu minoritario baten idazkari orokorrarena, minoritarioa baina patronalaren bidelagun eta espainiar komunikabideek ederki zaindua.

Vocentoren egunkarietan idatzi du EH Bilduk eta EAJk kontratazio publikoan dagoen «kontsentsu linguistikoa» lehertu nahi dutela. EAJren proposamena da administrazio bakoitzak erabaki beharko lukeela zein euskara maila eskatu bertan lan egiteko, eta EH Bilduren proposamena, euskal Administrazioan aritzeko euskararen ezagutza nahitaezkoa dela, salbuespentzat jotzen diren lanpostuetan izan ezik. Martinezek, aldiz, ez du oztoporik ikusten euskal Administrazioko edozein lanpostu eskuratzeko espainola salbuespenik gabe derrigorrezkoa izatearekin. Hau da, espainola eta euskara ofizialak bai, baina espainola «ofizialagoa» euskara baino.

Martinezek dio euskarazko profilak bermatuta daudela «bete beharreko indizeen bitartez», herri bakoitzeko euskararen ezagutza mailaren arabera, eta gehitzen du «indize horiek eskari errealaren oso gainetik daudela». Dirudienez, ez du gogoan «eskari erreal» hori hainbat aldagaik baldintzatzen dutela; adibidez, mendez mende Espainiak eta Frantziak euskararen eta euskaldunon komunitatearen kontra ezarri dituzten debekatze eta pertsekuzioak, oraindik ere bukatu ez direnak, poliziek eta epaileek indar betean ezartzen dutena eta era pasiboan Espainiaren meneko erakunde zenbaitek, Renfe, Correos eta abarrek. Jakina denez, euskararen eskaria ttikiagoa da espainiar eta frantses gobernuek karriketatik desagerrarazi zuten tokietan, nahitaezko eskolatze zigortzailea ezarriz, euskaldunei ez ikusiarena eginez, ospe txar sistemikoa zabalduz, bortxa uniformatuaren bidez eta beste hainbat tresna erabiliz.

Estatu zapaltzaileon manupeko eragile hauentzat euskararen erabilera eskubide menekoa da, Lekeition, oraindik euskaldungoa gehiengoan dagoenean, erabil daitekeena, baina ez da zertan bermatu Bilbon, esate baterako, non gutxiengoa den gaur egun euskaldungoa; horrela Mungiako euskaldun batek eskubide gehiago izanen lituzke Barakaldoko euskaldun batek baino. Hori bai, espainolez arreta ematea nahitaezkoa eta erabatekoa da Bilbon... eta Lekeition, Amezketan edota Etxarri Aranatzen. Jakina, Martinez eta enparauei ez die axola profesional elebidunen eskasia lazgarriak Osakidetzan, Ertzaintzan, epaitegietan eta beste zerbitzu publikoetan... Zer inporta du?

Euskaldun komunitatearen aldeko memoria, justizia eta ordaina bultzatu ordez, espainiar nazionalismoak, izan eskuin, izan ezker, betikotu egin nahi luke beren supremazismoa, mendeetako zapalketez erdietsi dutena, eskubide guziak erdaldunentzako exijituz baina euskaldunontzako mugatuz eta baldintzatuz (edo ukatuz) «integrazioaren» izenean... beren Espainia uniformean.

Ez dago kontsentsurik eskubide funtsezkoenak ukatzen dituztenekin. Planteamendu erreakzionario hauei aurre eginez eraiki dezakegu euskal gizarte zuzenago bat, non euskal komunitateak ere dagozkion eskubide linguistikoak izan eta erabili ahal izango dituen.