Angel LASA
GAZTA ZATI BAT

«Ekologikoan lan eginda, esne gutxiago jaso dugu»

2015ean hasi ziren gazta egiten Axuribeltz markapean.
2015ean hasi ziren gazta egiten Axuribeltz markapean. (Jose ZALDUA)

Hasiera batean, behorrak jartzeko asmoa zeukan Mirian Otxotorenak, baina kontuak egiten hasi eta bizimodua ateratzea zaila izango zitzaiola jabetu zen. Beraz, senarrak eta biek ardi latxekin hastea erabaki zuten, era ekologikoan lan egitea, eta gaztagintzari ekitea, Axuribeltz markapean. Etxea bazuten Iturgoienen, familiaren sail batzuk ere bai, eta batez ere Urbasa-Andiako komuna erabiltzeko eskubidea, baita herriko bertako komuna ere. Ardiak falta, ordea. Ez da erraza zerotik hasita artaldea osatzea, ezohikoa baita norbaitek bere ardiak saltzea. Pixkanaka-pixkanaka hasi beharra dago abereak biltzen. Orbaitzetako Patxi Zabaltzak lagundu zien hasiera horretan: urtero, bere artalderako geratzen ez ziren bildotsak Iturgoienera etortzen ziren. Ondoren, Jose Angel Azpirozek ere saldu izan dizkie ardi gazteak, eta hala osatu da Axuribeltzeko artalde propioa. Gazta ekoizten 2015ean hasi ziren. Gaur egun, hiru bat mila kilo gazta ondu ekoizten ditu Axuribeltzak. «Ardi dezente daukagu dagoeneko, baina ekologikoan lan egiten dugunez, besteek baino litro gutxiago biltzen ditugu guk. Beste gazta mota bat ere egiten dugu, erdi ondua, elur maluta deitzen dioguna, eta gaztanbera ere bai», diosku Otxotorenak.