Ama ahatzarazia
Arrotz matxista batek gure ama erail zuen. Umezurtzoi ezkutatu egin zigun egia. Bere menpean hazi gintuen, eta bere interesen arabera hezi, bakoitzari «berea» emanez. Ama ahaztu, eta bakoitza «berezia» zela sinetsarazteko. Ahizpok elkarrengandik aldenduz, bat eginik bere kontra ez oldartzeko. Gure onarpena nahi zuen, berarekin «betidanik» eta borondatez geundela sinetsaraziz.
Gipuzkoarrok ama eta ahizpak ahaztuta gabiltzala iruditu zait, aurten bereziki. Bereziak garelako ustean sakontzen ari ote garen... Aurrekoan, Ahaldun Nagusia eta alkate gehienak Tolosan elkartu ziren ekitaldi sinboliko batean, «gipuzkoarron nortasunari» gorazarre egiteko. Eskutik helduta ibili ziren. Dantza egin zuten. Xume, polit, jator. «Gaurkoan, herri honen nortasuna irudikatzen duten sinboloak aldarrikatu nahi ditugu, adierazten dutelako nondik gatozen, zer garen eta zergatik». Itxuraz esaldi ederra, baina edukiz?
Gipuzkoa da «herri hau»? Ondo hasten gara, gero! «Nondik gatozen»? Apenas aipatu duten egiarik esanguratsuena, nortasun politikoari dagokionean. Alegia, 1025ean Ipuskoa Iruñeko erresumaren parte zela. Harik eta 1200ean arrotzek konkistatu zuten arte. Hitzik ez, krimenaz. Noski, ezkutatu egin behar da: ez dator bat aitaorde espainiarraren ipuinarekin. Menpean nahi gaitu, zatituta. Zer hoberik, probintzia bakoitzari «bere» nortasun «propioa» ematea baino. Hor ditugu, egunero gure sukaldetan, Vocento taldeko hedabide probintziano espainiarrak iruditeria hori sustatzen: bakoitzari «bere» pentsua ematen, ahizpengandik bereizita, konfrontatuta sarri, elkarrengandik ahalik eta gehien aldendu gaitezen. Bakoitzaren erreferentea Madril izan dadin, Bidasoaz gaindiko aitaordeak Paris izan nahi duen bezala.
«Zer garen eta zergatik»? Kulturari erreparatu diote, horrek bai baitauka errelato espainiarrean lekurik, estatu «plurinazionala» izaki. Gero euskaraz bizitzen uzten ez badigute ere. Baina politikaz? Aipamenik ere ez, motz eta garbi esan badaiteke ere: Espainiapekoak gara, konkistatu egin gintuztelako.
Nafarroak zentralitatea dauka politikan. Bera da gure askatasunaren produktu. Geuk eraikitako estatua izan zelako ama. Aitaordeak badaki hori: horregatik ezkutatzen digu. Bultzada mediatiko handia eman diote «milurtekoaren» ospakizunari. Gure diruarekin, aitaordearen ipuina kontatu digute. Argazkia, beste behin, haren markoan atera digute. Gipuzkoako Aldundian bertan, aitaordeari gurtza dago: eraikineko sarreran eta gela nagusian, bere figura da nagusi: Alfonso VIII., konkistatu gintuen berbera! Ez amarik, ez ahizparik. Eskerrak, Agirrek bultzatuta, armarritik kanoiak kendu genituen.
Konkistaren azken fasean sartuak gara. 1200ean militarki hasi zutenari segida ematen ari dira harrezkero, etenik barik. Garai «paketsuotan», juridikoki eta mediatikoki. Pentsu pozoitua ematen digute egunero: memoria lausotzeko, autopertzepzioan interferitzeko... espainiartzeko, fin batean.
Ahizpok: ama gogora, berriro ere izan gogo bagara, batu eta aske. Sinboloei dagokienez, Orreaga, Gasteiz, Amaiur, Castejon, Intxorta, Xiberta, Lizarra-Garazi... han bildutakoen espirituak gida gaitzala, San Inaziok baino.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
