Palestinar kolorea du Bilboko itsasadarrak
Bilboko itsasadarrak bere egin zituen atzo Palestinako koloreak, ekitaldi ikusgarri batean. Eguerdian, ehun bat traineruk, batelek, piraguak eta ontzi solidariok osatutako itsas martxa bat abiatu zen Santurtzitik. Aldi berean, oinez, giza kate bat osatu zen Bilboko Udaletxetik. Itsasmuseum-a zuten helmuga. Giroa, eguraldia legez: bero.

Gazako Mugimendu Globala Euskal Herriak deiturik, Palestinaren genozidioaren aurkako oihu ozena, zaratatsua eta koloretsua zabaldu zen atzo Bilbo eta bere inguruko herrietan, ekitaldi herritar eta ikusgarri baten protagonista izan baitzen Bilboko itsasadarra. Espainiako Vueltan islatu zen legez, palestinarrekiko euskal herritarren elkartasuna bizirik dago, ezbairik gabe.
44 herrialdetako ontziez osatutako Global Sumud Flotilla Gazarako bidean aurrera doan heinean, Bilboko itsasadarrean beste “flotilla” bat ikusi genuen atzo, helburu berarekin: blokeo informatiboa hautsi, eta herritar palestinarrei erresistentzia mezu bat helaraztea. 12.00etan zuten irteera ordua finkatuta Santurtziko arrantza portura gerturatu ziren traineru -Plentzia, Deustu, Sestao eta Bilboko traineruak ikusi genituen-, batel, piragua eta ekitaldira batu ziren mota guztietako ontzi solidarioek. Bilboko Itsasmuseum-a zuten helmuga, eta bidean, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon jendea bildu zitzaien.
Aldi berean abiatu zen Bilboko udaletxetik giza kate jendetsu bat. Helmuga zuten Itsas Museoa, eta bidean, suge bat legez, Palestinaren aldeko lorratz sendoa utzi zuten partaideek. “Hau da ez gerra bat, hau genozidioa da”, oihu sendoak entzun ziren Guggenheimen parean.
Antolatzaileen asmoa bete zen, eta nola gainera: itsasadarrean, “flota” koloretsu eta zaratatsua, eta haren ertzetan, banderak eta Palestinaren aldeko aldarrikapenak zabaltzen zituzten herritarrak. Banderolak, eskuz eginiko karteltxoak, Palestinako banderak, kolore guztietako kufijak... haurrak, gazteak, adindunak... belaunaldi asko batu ziren protestara.
«ERAKUNDEAK EZ DAUDE SENTSIBILIZATUTA»
Agus Gorbea gasteiztarra palestinar bandera bat astintzen harrapatu genuen. Gazarako Martxa Globalean parte hartzeko asmoz, ekainean Egiptora joan zen euskal ordezkaritzako kideetako bat da Gorbea. Laguntza humanitarioari Israelek ezarri dion blokeoa eta herri palestinarraren sarraski sistematikoa salatzea zuten helburu. Kairon lurreratu bezain laster, Egiptoko agintariek atxilotu eta deportatu egin zuten Agus Gorbea.
«Euskal Herria mugitzen ari da, oso sentsibilizatuta dago eta, zoritxarrez, gizartea badago sentsibilizatuta; baina erakundeak? Ez. Jarraitzen dute harremanak mantentzen sionistekin; hortaz, horrela ezin da aurrera jarraitu», azpimarratu zigun. Global Sumud Flotillari buruz galdetu genion: «Lehenengo helburua Palestinan gertatzen ari dena salatu eta agerian jartzea da. Zeren XXI. mendean genozidio hau ezin da isilpean mantendu. Bigarren planteamendua da korridore humanitario bat sortzea; kasu honetan, itsasoko korridorea. Hauek Gazara doaz, Palestinara bertara, eta ez Israelera. Baina Israelek inpunitate osoa du eta argi utzi du edozer eta edonon egiteko gaitasuna duela. Une honetan, zera diogu guk: sionistek flotillakoak terroristak bezala tratatuko dituztenez, hori esan baitute eta oso aurrekari arriskutsua da, guk ez dugu onartuko».
AITA MARI ERE BAI
Itsasontzietan, Aita Mariko hainbat partaide eta boluntario ontziratu ziren, horien artean sukaldaria. Itsasmuseum-ean, lehorrean, bi arduradunekin egin genuen topo: Amaia Iguaran Aita Mariren arduraduna eta Ana Perez aktibista. Astelehenean iritsi zen Aita Mari portura, eta «oraingoan desberdina izan da -aitortu zigun Iguaranek-. Portutik irten bezain laster bi patera artatu behar izan ditugu Palma de Mallorcan. 45 pertsona zeramatzan eta oso gaizki zetozen, haur txiki asko ekartzen dituzte orain. Barratxo energetikoak, txalekoak eman genizkien... eta zaindu genituen guardak iritsi arte». Egoera gero eta latzagoa da Mediterraneoan. Oztopoek gora egin dute -«migrazio itunarekin okerrera jo du», gehitu zuen Perezek-, eta giro ultraeskuindarrak bereak egiten ditu. Hor, bestela, orain gutxi Aita Marik Voxi jarritako kereila.
Eta Carola garabiaren inguruan, koadernoa eskuetan, ekitaldia islatzen ari zen taldetxo bat. Argazkien ordez, marrazkiak. Sketchbook izeneko mugimenduaren zaletu ugari daude Euskal Herrian. «Bilboko Dibujatolrato taldekoak gara. Palestinaren aldeko beste ekitaldi batzuetan ere egon gara, Mahasen Al-Khatib ilustratzaile palestinarra hil zutenean, esaterako. Azken finean, ekarpenak egin ditzakegun ekimen guztietan gaude, marrazten eta gero marrazkiak sareetan zintzilikatzen», zioen Virginiak.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
