Maider IANTZI
DONOSTIA

Herri ariketa bat sustatuko du EH Bilduk: elkarrizketa nazionala

Herri ariketa bat martxan jartzera doa EH Bildu: elkarrizketa nazionala. Herri honek behar duen erreakzioa bultzatzea da xedea, herri proiektu partekatua eraikitzea eta euskal herritarrei hitza ematea. Egin den ariketarik masiboena egin nahi dute, indarguneak eta ahulguneak ongi detektatzeko, baliabideak kokatzeko eta diagnosi partekatu batekin aukerak sustatzeko.

Arnaldo Otegi Mondragon, atrilera bidean, EH Bilduren Konferentzia Politikoan, atzo,   Donostiako Tabakaleran.
Arnaldo Otegi Mondragon, atrilera bidean, EH Bilduren Konferentzia Politikoan, atzo, Donostiako Tabakaleran. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Herritarrei hitza ematea, elkarrizketa nazionala» abiatzea proposatu zuen atzo EH Bilduk. «Egin den ariketarik masiboena» egin nahi dute, erronkak identifikatzeko eta aukerak sustatzeko. Hala adierazi zuen Arnaldo Otegi Mondragon koalizioko idazkari orokorrak Donostiako Tabakaleran egin zen Konferentzia Politikoan.

Hego Euskal Herriko markoa izanen du ariketa honek. EH Bilduk bere diagnosia mahai gainean jarriko du apaltasunez, herriarekin osatzeko. Ahalik eta partekatuena den proiektu bat eraikitzeko eta, hala, «herri honek behar duen erreakzioa sustatzeko». Bestalde, «bere indar militante guztia eskuzabaltasunez herri honen zerbitzura» jarriko du.

EH Bilduko idazkari orokorrak aitortu zuen begirada larrituarekin begiratzen diotela Euskal Herriko eta munduko egoerari. Halere, bertze begirada bat proposatzen dute: «Sendoa, arduratsua, lasaia, pazientzia estrategikoz osatua, indar bozkatuenari tokatzen zaiolako larri bizi den mundu honetan begirada pausatu, sendo eta itxaropentsua ematea».

LEHENBIZIKO IRUDIA

2025ean argazki bat dago larritasunik handienera eraman behar gaituena. Lehen hitzak argazki horri eskaini zizkion: Palestinari eta Israeli. «Israelek hautu estrategiko bat egin du, eta hautu horren izena genozidioa da, palestinar herria deuseztatzea». EH Bilduko idazkari orokorrak defendatu zuen Israelgo estatuari aplikatu behar zaizkiola bere garaian Hegoafrikari aplikatutako neurri guztiak. Bertzalde, harrotasuna azaldu zuen «Euskal Herria abangoardia izaten ari delako munduan Palestinarekiko elkartasunean». Konferentziatik ere elkartasun osoa bidali zion, txaloz lagunduta.

Aipatu zuen bigarren argazkia, «funtsezkoa eta oharkabean pasatu dena», Von der Leyenen eta Trumpen arteko topaketakoa da. «AEBren kolonia deklaratu da Europa, energia eta armak erostearen truke. Argazkiak islatu du Europa ez dela existitzen proiektu gisa. Ez zaigu gustatzen Europa hori; guk nahi dugun Europak autonomia du, herriena eta langileena da», adierazi zuen.

Imanol Pradalesek aste honetako osoko bilkuran esan zuen gure autonomia, hizkuntza eta nortasuna arriskuan egon daitezkeela, garai gogor eta ilunak datozela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik egin zituen hitzok, baina Euskal Herri osorako balio duen diagnosia da Otegiren ustez. «Salbuespenezko egoera batean salbuespenezko neurriak hartu behar dira. Ezin da hori esan eta gero ezer pasatuko ez balitz bezala ohiko politikagintzan aritu».

Egiturazkoak diren dinamika horietan guztietan, gainera, Euskal Herria burujabetzarik gabeko herri bat dela oroitarazi zuen. «Palestina herri ukatua, zatitua, okupatua da. Eta Euskal Herria ere bai. Beraz, ez da harritzekoa abangoardia izatea elkartasunean».

ERALDAKETA HANDI BAT

«Gure herriak behar duen eraldaketa handia martxan jarriko dugu: gaurko arazoak ekarri dizkiguten politika poblikoek ez dituzte gaurko arazoak konponduko. Politika publikoak aldatu behar dira».

Estatus politikoari buruz, segurtatu zuen Euskal Herriaren luze-zabalean gai izanen direla «oinarrizko kanpalekua igotzeko» eta erronkei aurre egiteko tresnak emateko.

«Denbora daramagu korronte erreakzionarioaz ohartarazten. Horri aurre egiteko formula bakarra dago: indarrak batzea, aliantzak zabaltzea, minimoen programak osatzea. Arrakastaz frogatu dugu», azaldu zuen. Ziurtasuna bertze faktore historiko batetik ere badatorkie: «Herriak erronka handiak izan dituenean beti erantzun du irudimenez, determinazioz, militantziaz eta eskuzabaltasunez. Hala izango da orain ere».

50 urte bete dira Francoren azken fusilamenduetatik. «Txikik ‘aberri ala hil’ idatzi zuen. Tupamaroek denentzako aberria izango dela diote. Salvador Allendek ere Txilen fedea zuela esan zuen. EH Bilduk gauza bera dio: gure aberriaren langilegoan konfiantza osoa daukagu. Aberria guztiontzat izango da eta Euskal Errepublika forma hartuko du», ziurtatu zuen Otegik.