Surflari ernegatua

Xake partida bat bezala

Badakit irakurle batzuek espero dutela zerbait esatea bandera espainola musukatzen duten euskal surflarien inguruan, baina ezin dut, haien Instagram profileko argazkiak ikusi eta VOXeko hautagaien profilak diruditenean, burua galtzen dut. Hortaz hobe dut isilik egon.

Indarrean den marko orokorra izango dut hizpide. Euskaldunon kolonizazio eta asimilazio prozesua bururaino eramatea lortzen ari den markoaz. Gure imajinario kolektiboan errazegi ontzat ematen dira lehen pentsaezinak ziren jarrerak eta ikusmoldeak. Hitz egiteko, masa kirolak eta kirol marjinalak bereizteko edo garrantzia zeri eman hautatzeko, marko nagusia (frantsesa edo espainola) gailentzen da. Barneratuegi ditugu kolonizatu gaituzten estatuek ezarritako markoak. Sarri, haien kultura, hizkuntza eta mundu ikuskera gure egiteraino. Adibidez, abertzaleek ere «estatua» esaten dute, «Espainiako Estatua» esan nahi dutenean.

Iaz Trestlesen egin zen Final Handian ikusi genuen irabazteko norberaren markoa ezartzeak duen garrantzia. Italo Ferreira brasildarrak hasieratik ezarri zuen bere markoa. Aurkari guztiak berak ezarritako markoaren arabera lehian jarri zituen, jakitun aireko itzuliak egiten inork ez ziola irabaziko, eta horrela birrindu zituen denak, John John Florencekin topo egin zuen arte. Hawaiiarrak bazekien airekoak egiten ez zuela Ferreira garaituko, eta soilik berak egiten dakien bira indartsu batekin erantzun zion. Jada markoa beste bat zen, ez ikusleek eta ezta epaileek ere ez zuten gehiago airekorik ikusi nahi, Ferreirak frogatu behar zuen Florencek egin zuena egiteko gai zela, baina erabat desarmatua geratu zen, hawaiiarrak ustekabean harrapatu baitzuen brasildarra, horrela, beste marko ezarriz.

Ondorioz, galtzera kondenatzen gaituen marko batean bagaude, markoz aldatzera kondenatuta gaude. Arazoa da, horretarako gaitasunik ba ote dugun edo beranduegi ez ote den. Alegia, gure aurkariak egingo ez duen maniobra bat egiteko gai ez bagara, zer geratzen zaigu? Zer egingo luke Florencek Ferreirak antzeko bira batekin erantzungo balio? Markoz aldatzeko gaitasunik ezean, ohikoa da surf txapelketetan aurkariaren higadura bilatzea. Ordea, maila psikologikoan, teknikoan, fisikoan, eta legalean (lehiaketa arauak, lehentasunak, eta abar), aurkaria higatzen saiatzeak ondorio latzak izan ditzake, jaurtitako pilota abiadura bikoitzean etor baitaiteke bueltan. Aitzitik, galtzen ari denaren azken aukera ere bada.

Eta zer gertatzen da, markoa aldatzeko gai izan ez eta gure aurkaria higatzeko gai ere ez garenean. Orduan, aurkariak hutsegite larri bat egin eta gure alde baliatzeko gai izatea bakarrik geratzen zaigu. Eta hori ere gertatzen ez bada, edo etsaiaren akatsak gure alde baliatzeko gai ez bagara? Orduan, bi hatzekin erregea xake taularen zorura bultzatu, zutitu eta aurkariari eskua ematea besterik ez da geratzen. Gutxienez, horrela, partidak iraun duen artean, bizirauten, gure biziaz izan ez dugun kontrola, gure heriotzaz izateko. Hots, behingoagatik guk erabakitzeko.