Joan-etorriko irakurzaletasunak
Goizero, eskolak hasi aurretik, poema bat irakurri ohi zien Miren Billelabeitiak bere 15-16 urteko ikasleei. Irakurzaletasunera irekitako bide hartatik etorritakoa kontatu du orain «Eguna hasteko olerkiak» (Pamiela) liburuan, joaneko bideak bueltakoa ekarri eta pandemiak ikasleak jarri baitzituen ahoz gora errezitatzen.

Ramon Saizarbitoriaren poema bat irakurriz abiatu zuen Miren Billelabeitiak “Eguna hasteko olerkiak” (Pamiela) liburuaren aurkezpena. «Horrela hasi ohi zen garai batean nire egunerokotasuna», oroitu zuen, bai eta Mungiako ikastetxe batean irakasle zela bere 15-16 urteko ikasleei eguna hasteko olerki edo pasarte bat irakurri ohi ziela ere. Esperientzia hark emandakoa bildu du Pamielarekin argitaratu duen liburuan, poesia eta saiakeraren artean dantzan berau.
«Lanera atera aurretik beti irakurtzen nuen zer edo zer etxean, bost minutuz, poema bat, orrialde bat... eta halako batean pentsatu nuen hori ere bazela modu bat nire ikas saioak hasteko. Niretzat, lana hasi orduko irakurtzea bada eguna gozo eta gogoetatsu hasteko modu bat, lasaitasunez, eta haientzat ere izan zitekeela pentsatu nuen», azaldu zuen proiektuaren abiapuntua. Baina Billelabeitiak bazituen beste bi arrazoi sakon ere irakurketa ohitura hori gazteen esparrura eramateko. Batetik, gogoeta bat: «Oporraldietatik bueltan beti galdetzen diegu gazteei ea zer irakurri duten, baina ez diegu esaten guk zer irakurri dugun», eta horren harira azaldu zuen berak irakurzaletasuna truke moduan ulertzen duela, baita elkarrizketak abiatzeko aitzakia gisa ere. Bestetik, liburua, objektua bera, eskura izatea: «Hori ere inportantea da, objektuak berak baduelako amu bat, tira egiten du, eta hori ikusi egin nuen nire jardueran».
PANDEMIAN, BIRA
Esperimentua ondo atera zen, ikasleak berak hasi zitzaizkion irakurketa ozen hura eskatzen, baina egun batek bestea ekarri zuen, eta halako batean pandemia iritsi zen. «Akabo irakurketak», pentsatu zuen Billelabeitiak, baina proiektuari buelta eman eta ikasleei proposatu zien zerbait irakur eta graba zezatela eta audioa berari bidaltzeko. «Ez zegoen ez notarik ez ezer, baina hasi ziren grabazioak iristen eta konturatu nintzen eguneroko xirimiri hark izan zuela eragina lur idorrean», nabarmendu zuen.
Grabazio haietarako egindako hautaketaren inguruan, zehaztu zuen Gabriel Aresti, Miren Agur Meabe, Amaia Lasa, Lizardi, Lauaxeta, Harkaitz Cano edota Leire Bilbao izan zirela gazteek aukeratu zituzten poemen egileetako batzuk.
Esperientzia hark emandakoa aztertu du liburuan. Ikasleek bidalitako 33 poema bildu ditu alde batetik, baina ez da olerki liburua. «Bada narrazioa, esperientziaren kronika ere bai, eta bada autobiografia ere, gogoeta», zehaztu zuen. Baina, batez ere, «maitasunez idatzitakoa» izan dela nabarmendu zuen, «gazteen ahots horiek berrentzunez emozioz idatzitako liburu bat».

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
